San Migelek jendetza erakarri zuen

Guaixe 2010eko irailaren 30a

Eguraldi ezin hobearekin ospatu zen asteazkenean San Migel eguna. Autoz gehienak, oinez besteak, asko izan ziren Aralarko santutegira joan zirenak. Goizean lau elizkizun izan ziren eta beste bat arratsaldean. Meza nagusia Francisco Perez artzapezpikuak eman zuen. Fedea, esperantza eta karitatea izan zituen hizketa-gai mezan. Santutegian egindako lanak ere goraipatu zituen. Elizkizun guztietan ere santutegia txiki gelditu zen. Haiek despeditzean, ohi denez, aingerua gurtu zuten bildutakoek. Tenpluaren alde batean egin zen gurtzea, jendearen joan-etorriak errazteko. Asteazkenean jende asko aitortzeko eta mezak enkargatzeko baliatu zituen. Asko eta asko izan ziren, gainera, ohiturari jarraituz Goñiko Teodosioren kateak hirutan pasatu zituztenak, gaitzak kentzeko. Santutegia ere aspaldiko ezagunen biltoki ere bihurtu zen. Jarritako postuetan ere erosketak egin zuenik ere izan zen. San Migel egunari aurre hartuz, Lizarragako San Migeldarren kofradiako 26 kideak larunbatean bildu ziren. Elizkizunaren ondoren ospakizunak izan ziren.