Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bierrik. Beste aste batez Bierrik Fundazioak zure eskutan jarri du Guaixe astekaria. Sakanari buruzko informazioz betetako orriak. Euskaraz, gainera. Dagoeneko 300 aste bete ditugu egiteko horretan: ibarrari buruzko berriak zabaltzen. Hain urrun iritsi bagara lan talde, patronatu, bazkide-babesle, iragarle eta irakurleei esker izan da, guztiok egin baitugu posible tokiko informazioa zabaltzen duen proiektu hau aurrera egitea: batzuk albisteak emanez, besteak ekarpenak eginez edota iragarkiak jarriz, eta, zuk, irakurle, irakurriz. 300. zenbakiraino iristea ez da erraza izan: Sakanan 1994an tokiko informazioa emateko eta euskara normalizatzeko sortu zen proiektu hura egonkortu egin da: gaur egun, Bierrik Fundazioak 11 langile ditu eta hainbat proiektu kudeatzen ditu: Guaixe astekaria, Beleixe Irratia (FM 107,3), www.guaixe.net eta www.beleixe.net webguneak.FinantziazioaBierrik Fundazioak bere horretan eusten die hasierako helburuei, baina halako proiektuak aurrera eramatea ez da erraza izaten, are gutxiago krisi ekonomikoa gain-gainean dugunean. Bierrik Fundazioak lau oinarri ekonomiko ditu: lehenbizikoa, publizitatea da; bigarrena, administrazioetatik datorren diru-laguntza; hirugarrena Guaixe Komunikazioa zerbitzua (kartelak, aldizkariak, agendak eta beste egiten dituenzerbitzua) eta, azkena, fundazioko 400 bazkide inguruk urtero-urtero eta krisiak krisi ematen duten laguntza. Eta orain?Krisiak gogor astindu du hiru oinarrietako bat, publizitatea, eta administrazioetatik jasotako laguntzek ez dute gora egin: 2009an, Nafarroako Gobernuak diru-laguntzarik gabe utzi zituen Nafarroako euskarazko komunikabide guztiak eta etorkizuneko laguntzak ez daude ziurtaturik. 2009ko zuloa Sakandar 1 = euro 1 kanpainari esker, zuri esker, estali genuen. Gaur egun, Sakanako Mankomunitateak ematen dio Fundazioari laguntzarik handiena, ondoren datoz Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua. Zalantzazko egoera honen aurrean, bestelako diru-iturri eta laguntza berriak behar ditu Fundazioak, horregatik, hainbat ideia ari da aztertzen proiektua aurrera eramateko, besteak beste, Guaixe kobratzeko aukera. Aurki izanen duzue hartutako erabakien berri. Ibilbidea1994ko abenduan banatu zen estreinakoz Guaixe publikazioa Sakanan. Hala egin zuen hilero-hilero, 2003ko abendura arte. 109 hilabetez Sakanako informazioa eman zuen hilabetekari moduan. Tarte batez, gainera, senide txiki bat izan zuen Guaixe hilabetekariak: Oixe, Sakanako kazeta. 2001eko ekainean abiatu zuen bere bidea zortzi orriko astekariak. Hilabetekariaren osagarri izateko sortu zuen Bierrik-ek astekaria. 2003ko abendura arte 134 zenbaki banatu ziren (zero zenbakia barne). 2003ko udazkenean tokiko informazioa lantzen zuten komunikabideen joerak aztertu zituen Bierrik Elkarteak (2009an bihurtu zen fundazio). Eraginkorrago bihurtzeko maiztasuna handitu eta produktu sendoagoak eskaintzea, hori zen orduko joera. Gainera, eguneroko doako prentsaren boom-a ere bizi izan zen. Makina bat publikazio sortu ziren, gaztelania hutsean. Bierrik Elkarteak bere hilabetekaria eta astekaria batzea erabaki zuen. Etxean egindako lan prozesu baten ondoren, 2004ko urtarrilaren akaberan banatu zen lehen aldiz Guaixe, Sakanako astekaria. Ordutik 300 zenbaki pasa dira. 2007ko udatik, gainera, sarean dagoena. Paperezko argitalpenaren itzalera sortu zen Beleixe Irratia (FM 107,3), 1999 maiatzean. Gaur egun Etxarri Aranazko Udalak utzitako egoitzan ari dira lanean bi esatari. Haien ontzen dute 24 orduko emisioa.