Demagun Altsasuko Gazte Asanbladako kidea zarela. Ziurrenik egunotan lanean ibiliko zara Gaztetxearen 20. urteurrena eta berarekin datozen ospakizun guztiak ondo egin daitezen. Egitarau potentea duzu esku artean, kartel oso batean sartzeko zaila.1990. urtean ez bezala gaur egun jendearen gehiengoak badaki zer den internet eta ziurrenik altsasuar gehienek noizbait erabili dute. Beste ziurtasun bat: gaur egun Altsasuko Gazte Asanbladan lanean daudenen gehiengoak sare sozialen bat erabiliko du, ziurrenik Tuenti. Eta ziurrenik ere bertatik bidali ditu bere deialdiak, kaldereteen koordinaketa egin du edo kontzertuetara joateko gonbidapenak bidali.Holako gonbiterik ez dutenek, hala ere, RSS izeneko teknologiari esker beste hainbat lekutan jasoko zuten informazioa. RSSk "Real Simple Syndication" esan nahi du. Hau da, sindikazio benetan sinplea. Sindikazioa webgune batek eskaintzen dituen berriak zuzenean jasotzeko sistema da. Interneten sartu diren gehienek ikusiko zuten RSSaren logotipoa, karratu laranja bat hiru kurba txurirekin. Helbide barran egon ohi da, eskuinean. RSS teknologiari esker gaur goizean Altsasuko Gaztetxearen 20. urteurreneko egitaraua paperezko egunkari batean irakurri ahal izan dut. Baliteke sekulako berrikuntza ez iruditzea, baina berri horrek egindako bidea azaltzen badut beste ikuspegi bat edukiko duzu.Hitzondo.net Altsasuko Herri Komunikabideak kartela hartu eta berri bat sortu du bere webgunean. Webgune honetan gertatzen den guztia zuzenean jaso daiteke RSS teknologiari esker. Bada, Yahoo!k sorturiko Pipes izeneko sistemak Nafarroako hainbat hedabideren azken berriak hartu, batu eta irteera bakarra ematen du. Pipek "hodi" esan nahi du, eta hori da gertaturikoa, ur ezberdinak batzen dituen txorrota sortu du.Yahoo! Pipesen irteera hori bigarren zerbitzu batetik igarotzen da: Feedburner. Feedburnerrek RSSetan egon daitezkeen akatsak zuzendu eta irteera egonkor bat ematen die. Bertako informazioa euskalherrian.info webguneak jasotzen du, beste herrialde eta gaikako webguneekin batera. Hortik ere bideratzen da Twitter eta Facebook sare sozialetara. Hau da, Hitzondoren RSSak egin duen bidaiaren ostean, sailkatuta eta taldekatuta beste leku askotan irakurri daiteke, mundu osoan zehar, gainera.Baina bidaia ez da hor amaitzen. Euskalherrian.info webguneak programa aske bat erabiltzen du azken berri horiek maketatu eta egunkari formatuan eskaintzeko. Hau da, RSS hori hartu eta PDF bat sortzen du, nahi duenak inprimatu eta erosoago irakurri ahal izateko. FiveFilters webguneak sorturiko teknologia honi esker RSSa berriro hartu eta egunkari bat ematen digu. Inprimatu daitekeen egunkari bat, edo pantailan irakurriz gero, klikatu. Galder Gonzalez