Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igandean bizikleta paseo ederra egiteko proposamena luzatu du Mankomunitateak. Ibilbidea 9:00etan abiatuko da Ziorditik, eta Lizarragan hamaiketakoa egin eta gero ordu bietan despedituko da Uharte ArakilenIgandean, urriaren 10ean, Sakanako XVII. Txirrindula Eguna antolatu du Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, Sakana bizikletaz ezagutzen leloarekin. Guztia prestatzeko Burunda eta Aralar txirrindulari taldeen laguntza eta Ziordia, Ergoiena eta Uharte Arakilgo udalen eta Nafarroako Gobernuko Kirol Institutuaren babesa izan du Kirol Zerbitzuak. Mankomunitateko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak eta Nerea Martinezek astelehenean aurkeztu zuten eguna, Aralar Txirrindulari Taldeko ordezkari Javier Etxarrirekin batera. Igandean goizeko 9:00etan abiatuko da aurtengo Txirrindula Eguna, Ziorditik. Etxarri Aranatzera iritsi eta gero, Ergoienako bidea hartuko dute txirrindulariek, eta Lizarragan geldialdia eginen dute 11:00-11:30ak aldera, hamaiketakoa egiteko. Norberak bere ogitartekoa eraman beharko du eta freskagarriak antolakuntzak banatuko ditu. Dorrao eta Unanutik pasa eta gero, Arbizura jaitsiko diraa, eta Lakuntza eta Arruazu pasa ondoren Uharte Arakilera helduko dira txirrindulariak, ordu biak aldera, 37,5 km inguru bete ostean.Bizikleta zaletasuna bulkatu eta Sakana ezagutuSakanan txirrindularitzarako zaletasun handia dago. Ez da ahaztu behar egungo Sakanako txirrindulari profesionalak Aralar eta Burunda Txirrindularitza Taldeetatik atera direla, eta talde horiek lanean jarraitzen dutela, haur eta gazteak formatuz. Eta horretaz gain, txirrindularekin errepide eta txokoetan bere kabuz dabiltzan txirrindulari asko daude. Txirrindula Egunarekin bizikletarekiko interes hori bulkatu nahi du Mankomunitateak, nolabaiteko aitortza eman. Amaia Gerrikagoitia teknikariak azaldu zuenez, Sakanan errotuta dago Txirrindula Eguna. Aurten 17. edizioa beteko du. "Indarra hartu du Sakanan eta jendeak oso ondo baloratzen du" dio. Txirrindula Egunarekin goiz atsegina pasatzea eta Sakanako herriak, txokoak eta bidexkak ezagutzera eman nahi dira, natura bulkatzeaz gain. Eta, bide batez, jendearen arteko erlazioa bulkatu nahi da. "Herri ezberdinetako jendeak hartzen du parte, Sakanakoak eta Sakanatik kanpokoak, eta adin guztietakoak: gazteak, helduak, familiak... euren arteko erlazioa bulkatzen da" nabarmendu zuen Gerrikagoitiak. Arduradunek azaldu zutenez, edonork egin dezake ibilbidea, proba ez lehiakorra denez lasai doazelako, erritmo motelean eta jai giroan. "10 urtetik gorakoek har dezakete parte, eta txikiagoak direnak euren gurasoen ardurapean joan beharko dira. Gainera, nahi izanez gero, edozein tokitan utz daiteke ibilbidea, atzetik kamioiak, autobusak eta beste baitoaz jendea jasotzen" adierazi zuen Gerrikagoitiak. Antolatzaileek igandean animatu eta bizikleta hartzeko deia egin zieten sakandar guztiei. ZerbitzuakTxirrindula egunean ariko direnek aurretik izena emanda dute, ikastetxeen bidez - 3.000 triptiko inguru banatu dira ikastetxeetan eta ohiko tokietan - eta Mankomunitateko Kirol Zerbitzura deituz, eta horregatik autobus eta kamioi zerbitzua dauzkate eskura. Autobusa goizeko 7:45ean aterako da Irurtzundik, Sakanako herri guztietan geldialdia eginez izena eman duten txirrindulariak eta haien bizikletak hartzeko. Proba bukatuta etxera itzuliko ditu parte hartzaileak. Ibilbidearen atzetik, uneoro, DYA, foruzainak, mekanikoa eta autobusa izanen dira, gerta daitekeen edozein arazo konpontzeko eta ibilbidean nekatzen direnak jasotzeko. Uharte Arakilgo Plazan bukatuko da eguna, ordu bietan. Ibilaldi hasieran jasoko dute parte hartzaileek aurtengo edizioko oparia: Kirol Zerbitzuko irudia, ekilorea, marraztuta duen jaka edo peto islatzailea. Antolatzaileek 400 pertsona inguru espero dituzte. Iaz 250 aritu ziren, eguraldi petrala zegoelako, baina eguraldi onarekin 500 lagun ere atera izan dira, Txirrindula Egunak duen arrakastaren isla. "Egun oso polita da eta parte hartzera animatu nahi ditugu sakandarrak" azaldu zuen Nerea Martinez teknikariak. Hori bai, azpimarratu zuen txirrindulariek mendiko txirrindula eta kaskoa eraman beharko dutela. "Kaskoa eramatea derrigorrezkoa da, kaskorik gabe ez da inor ariko" nabarmendu zuen Martinezek. Hirugarrenez Ergoienan sartuko da Txirrindula EgunaNaturarekin eta herri txikiekin harremana izateko bidean, bidexkak eta txoko ederrak zeharkatzea da helburua, eta herri guztietatik sartzea. "Ziorditik atera eta partzelariatik Olaztira helduko gara. Bigarren mailako errepidea hartu, eta Altsasura beheko bentatik sartuko gara. Plazatik pasatu ondoren Basoitxin barna Urdiainera iritsiko gara, eta Urdiainen partzelaria hartuko dugu Iturmendira iristeko. Iturmenditik Etxarriraino bigarren mailako errepidetik barna joanen gara, herri guztietan sartuz, eta Etxarri Aranatzen, plazatik pasa eta gero, Lizarragarantz joko dugu errepidetik. Lizarragan atseden hartuko dugu eta norberak bere ogitartekoa jango du. Lizarragatik Dorraora partzelariako aldapa gainditu eta gero helduko gara, eta bertan errepidea hartuko dugu Unanura iristeko. Unanutik behera egingo dugu Arbizuraino jaisteko, eta San Juan ermitako bidexkatik Lizarragabengoako bidegurutzera helduko gara. Handik Lakuntzara jo, herria zeharkatu eta gasolindegia baino lehenago dagoen eskuinaldeko bidexkatik Arruazura helduko gara. Bukatzeko, Arruazutik Uhartera bidexka eder batetik joko dugu, eta San Migelera doan bidetik barna, Uharteko zubi ederrera iritsiko gara eta handik sartuko gara herrira, ibilbidea plazan bukatzeko, 37,5 km ibili eta gero" azaldu zuen Aralar Txirrindulari Taldeko Javier Etxarrik.