Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko Dantzalekuko atletismo pisten egoera tamalgarriaren inguruan konponbide eske sarritan agertu izan dira klubekoak. Orain kontentu daude, pista berritzeko lanak berriki despeditu direlako. Dantzaleku klubekoek oso argi dute atletismo pistak herriarenak direla, eta edonork erabili ahal dituela. "Zapatila batzuekin agertuz gero edonork erabili ahal izango ditu, eta hain zuzen ere jende guztia animatu nahi dugu bertara agertu eta pistak erabiltzera" diote Dantzaleku Sakanako presidente berri Juantxo Azurmendik eta zuzendaritzako kide Peio Bergarak. Ildo honetan, udalarekin hitzartutako akordioa egin beharko du klubak pisten eta berrituko diren aldagelen erabilera arautzeko. Eskola berrindartuDantzaleku Sakana kluba berrantolaketa lanetan murgildua dago. Alde batetik, zuzendaritza aldatu berri du. 200 bazkide ditu, urtero 18 euroko kuota ordaintzen dutenak. Horren truke klubeko kamiseta eta galtzamotzak jasotzen dituzte. Eta, bestalde, klubak bi eskola ditu, bata Etxarri Aranatzen eta bestea Altsasun, eta eskolak are gehiago bulkatu nahi ditu, ez soilik korrika lantzeko, pista berrituak daudela aprobetxatu eta atletismoaren beste barianteak prestatzeko baita ere: saltoa, pisua, diskoa... Eskolako korrikalari txikienekin Etxarrin eta Altsasun jarraitzea da asmoa, baina gaztetxoekin Altsasun lan egitea, Dantzalekun. Badirudi ere Nafar Kirol Jolasen atletismo probaren bat har dezaketela Altsasuko pistek, eta atletismo proba horietarako prestatu nahi dira gaztetxoak. Zuzendaritza berriaPresidentea: Juantxo Azurmendi. Presidenteordea: Juantxo Arregi. Idazkaria: Juan Luis Maiza. Diruzaina: Jose Mari Trevejo. Bokalak: Mikel Goikoetxea, Peio Bergara, Juan Carlos Perez, Isidro Asurabarrena, Jone Pelaez, Javier Borrega eta Gorka Garcia. Mendi sekzioa: Julian Otaegi eta Matias Salazar.