Altsasu eta Olatzagutia Pilotaren Ibilbidean

Guaixe 2010eko urriaren 11

Kultura eta Turismo Departamentuak Nafarroako Pilota Federazioarekin elkarlanean, Pilotaren Ibilbidea jarri du martxan. Bere baitan 39 herri hartzen ditu, tartean Altsasu eta Olatzagutia. Burundako bi herriak Txokoak eta Sakana izena jaso duen eskualdean sartu dituzte, Larraintzar, Beorburu, Latasa, Lekunberri eta Baraibarrekin batera. Departamentutik adierazi dutenez "herri horietako arkitekturan frontoia erabat integratua dago eta horrek adierazten du pilotak garrantzi handia duela bizitzan eta eguneroko jardueretan". Ibilbidearen berri emateko plaka adierazle bana jarriko dituzte. Kultura eta Turismo Departamentuak Pilota Ibilbidearekin "turismo, kultura eta kirol eskaintza bultzatu eta dinamizatu" nahi ditu, "bisitari eta zale ez direnei kirol honen mundua gerturatuz".  Departamentuaren asmoa da bisitariek ibilbideen bidez pilotan jokatzeko moduak eta haiei lotuta dauden herriak ezagutzera ematera. Horren guztiaren osagarri izanen dira argitalpenak, pilota bataioa edota turismoari begira antolatu nahi den pilota astea.