Aralarko eraztuna osatuta

Guaixe 2010eko urriaren 12a

Iaz Goierri eta Sakanako udal ordezkariak bildu ziren Mugabe Eguna ospatzera. Orduko hartan bi eskualdeetako ordezkariek harremanak estutzeko konpromisoa hartu zuten. Horrekin batera, "banatzen gaituen muga administratiboaren gainetik, betidanik batu gaituzten ezaugarriei eutsiz, gure elkarlana eta senidetza indartzeko". Iaz azaldu zuten Mugabe ekimen irekia zela eta helburuekin bat egiten zuten herriei zabalik zegoela. Hala,Tolosaldeko herriak, Larraun, Lekunberri, Araitz eta Betelu batu egin dira. Guztira 38 herriz osatutako eraztuna sortuz Arlar mendiaren inguruan. Mugabe akordioarekin bat egin duten udalek esan dute "komunean ditugun gauzak ezberdintzen gaituztenak baino askoz ugariagoak" direla. Horregatik, "etorkizuneko erronkei elkarrekin aurre egiteko konpromisoa" hartu dute. Elkarrekin landu daitezkeen alorren artean euskara, kultura, turismoa, ekonomia-garapena eta beste daude. Aldi berean, udalek senidetze hori haien herrietan bultzatzeko konpromisoa hartu du. Mugabe EgunaGuztiek ere "historian zehar gure herritarren arteko harremanak beti estuak" izan direla aitortu dute. Iaz herritarren arteko harreman hori "instituzionalizatu" zuten, aurreneko Mugabe Egunean. Mugabe Egunari ere data finkoa ezartzea erabaki dute. Beasaingo alkate Patxi Plazaolak aitortu zuenez, "ez da errraza izan 38 herriren agendak koordinatzea". Hala ere, erabakia hartu dute. Aurreantzean Mugabe Eguna Pazko ondorengo igandean izanen da. Edo, bestela esanda, Aberri Egunaren ondorengo igandean. Hitzordua Aralarko santutegian izanen da. Udal ordezkariek azaldu zutenez, "udalek hasiera eman badiote ere, udalen, herrietako eragileen eta herritarren arteko festa bat izatea da helburua, urtetik urtera, denon arteko harremana estutzeko". Horregatik, heldu den urteari begira, herrietako eragileak "batzeko eta inplikatzeko momentua izanen da eta herrietako eragileekin batera aurrez landu eta eragileen senidetze ekitaldia izatea" nahi dute.38 udalMugabe, herrien arteko senidetze egunarekin honako herriek bat egin dute: Zegama, Segura, Idiazabal, Beasain, Lazkao, Ordizia, Ataun, Gaintza, Zaldibia, Arama, Itsasondo, Altzaga, Legorreta, Ormaiztegi, Zerain, Mutiloa, Olaberria, Gabiria, Abaltzisketa, Larraun, Lekunberri, Araitz, Betelu, Arakil, Irurtzun, Irañeta, Uharte Arakil, Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Ergoiena, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain, Altsasu, Olatzagutia eta Ziordia.