Paueko Pilota Mundiala Espainiako selekzioarendako

Guaixe 2010eko urriaren 11

Duela lau urte Mexikok irabazi zituen Mexikon bertan jokatutako Pilota Mundialak, ordura arte Espainia txapeldunari bere tokia kenduz, eta aurten Pauen jokatu berri diren Mundialetan Espainiako selekzioak gailendu nahi zuen nola edo ahala, bere goiko postua berreskuratzeko. Hain zuzen ere Mexiko eta Frantzia zituzten arerio gogorrenak. Eta nahiz eta gogor borrokatu behar izan, bere 8. Mundiala irabaztea lortu du Espainiako selekzioak. Bertakoen lanaEspainiako selekzioan 52 pilotari aritu dira, horietatik 21 nafarrak, tartean Irurtzun taldean aritzen diren Etxarrengo Jose Javier Zabaleta etxarrendarra eta Xuban Armendariz lekunberriarra. Biak 36 metroko frontoiko eskuz binakakoan aritu dira.Maila bikaina eman dute Irurtzungo taldean dabiltzan bi pilotari hauek. Mexikoko bikoari irabazteko gogotik egin behar izan zuten lan, baina azkenean 22-16 gailendu ziren. Aldiz, Estatu Batuetako bikoari gailentzeko ez zuten inolako arazorik izan, 1-22 menpean hartu baitzituzten, erabateko nagusitasunez. Finalerdietan Irigoienek eta Untoriak ordezkatu zuten Espainiako selekzioa, eta Venezuelako bikoari 22-4 irabaztea lortu zuten. 36 metroko eskuz binakako finala, aldiz, Mexikoren kontra jokatu zuten. Lehia gogorrean, Espainiako selekzioko Irigoien eta Untoriak 22-17 irabazi zieten Medina eta Alcantarari. Espainiak irabazi ditu mundialak, urrezko lau dominarekin, sei zilarrezkorekin eta hiru brontzezkorekin. Mexiko izan da txapeldunordea urrezko dominetan berdinduta, lau lortu baitzituen. Baina zilarrezkoetan hiru jaso zituen eta horrek hautsi zuen berdinketa Espainiaren alde.