Sakanako triatleten denboraldiko balantze ona egin dute

Guaixe 2010eko urriaren 14a

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak triatloi denboraldiaren primerako balantzea egin du. Sakana Triatloi Taldeak 7 urte daramatza lanean eta urteak pasa ahala hobetzen doazela dio Kirol Zerbitzuak. Haurren mailan emaitza onak izan dira triatloian eta baita duatloian ere. Triatloian Urko Peñagarikano eta Olatz Azazeta Nafarroako Kirol Jolasetako Triatloi Zirkuituko txapeldunak izan dira, eta beste emaitza batzuk aipatzearren, Aitor Mozo zazpigarrena izan zen, Urko Berdud bederatzigarrena, Alejandro Zabala hamaikagarrena, Xabier Basabe 21.a eta Marina Zabala zazpigarrena. Duatloi zirkuituan Goizeder eta Olatz Azazeta, Gaizka Peñagarikano eta Iñigo Maiza bigarrenak izan dira, eta Aitor Mozo, Urko Peñagarikano eta Leire Maiza, berriz, hirugarrenak. Orohar, lan ederra egin dute guztiek.Helduen mailan ere emaitzak onak izan dira. Hasteko, Sakana Triatloi Taldeak bi talde aurkeztu zituen Espainiako Taldekako Erlojupeko Duatloian, Segovian, eta 6.ak eta 14.ak sailkatu ziren. Bestalde, Javier Borrega Nafarroako duatloi zirkuituan lehena sailkatu zen, Felix Benjumea hirugarrena, Francisco Javier Gomez bosgarrena eta Juan Luis Maiza zazpigarrena. Eta, bukatzeko, Euskal Herriko makina bat triatloi probatan aritu dira Sakana Triatloi Eskolakoak: Donostian, Lekeition, Zarautzen, Bermeon, Aritzalekun, Iruñean, Ultzaman, Donibane Lohitzunen, Senperen eta abar. Mikel Lakuntza, Juantxo Azurmendi, Urko Berdud, Jokin Lazkoz, Isidro Asurabarrena... zerrenda luzea da. Eta, jakina, ezin aipatu gabe utzi Arbizuko eta Altsasuko duatloiak, gure kirolarien proba kuttunenak.