Euriari aurre eginez, aurrera XVII. Txirrindula Eguna

Guaixe 2010eko urriaren 13a

Eguraldiak ez zuen gehiegi lagundu Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak Burunda eta Aralar txirrindulari taldeen laguntzarekin eta hainbat udal eta entitateren laguntzarekin antolatutako XVII. Txirrindula Egunean. "Sakana bizikletaz ezagutzen" leloa zuen Ziordian hasi eta Uharte Arakilen despeditu zen proba ez lehiakorrak, eta helburu hori bete zuten parte-hartzaileek, herriak eta txokoak ezagutu baitzituzten. Aurtengo ibilbidea oso polita zen. Ziorditik hasita herri guztietatik pasa ziren Etxarri Aranatzeraino heltzeko, eta bertatik Lizarragara jo zuten txirrindulariek. Han hamaiketakoa hartu ondoren, Dorrao eta Unanutik pasa eta gero Arbizu zeharkatu zuten, Lakuntza eta Arbizutik pasa eta Uharte Arakilgo plazara heltzeko. 37,5 km osatu zituzten guztira. 200 partaide pasatxoGoizeko 9:00etan 100 txirrindulari inguru abiatu ziren Ziorditik. Euria iragarrita zegoen baina ez zuen ari, txirrindulan aritzeko eguraldi aproposa zegoen. Ohikoa denez, DYA, mekanikoak, autobusa eta beste zihoazen tropelaren atzetik, txirrindulariek izan ahal zituzten arazoak konpontzeko, eta nekearengatik edo beste arrazoi batzuengatik ibilaldia utzi nahi zuten txirrindulariak hartzeko. Lizarragan 160 parte-hartzaile zenbatu zituzten antolatzaileek. Dorraora heltzeko aldapa gogorrean asko bizikletatik jaitsi eta oinez egin zuten tartea. Unanu aldean zeudela hasi zuen euria, baina tropelak eutsi egin zion egoerari. Arbizun beste tropel polit bat gehitu zitzaien, 200 partaide pasatxo osatuz. Arruazu parean atertu egin zuen, guztion zorionerako, eta Uharte Arakilgo helmugara lasai iritsi ziren. Zorionez ez zen aparteko arazorik ez erorketa larririk egon. Hori bai, txirrinduletako kate batzuk apurtu ziren eta zenbait zulaketa izan ziren. Bestalde, oso arrakastatsua izan zen ibilaldiaren hasieran banatu zen aurtengo oparia: Kirol Zerbitzuko irudia, ekilorea, marraztuta duen jaka edo peto islatzailea. Partaide guztiek jantzi zuten eta oso erosoa eta ikusgarria zela nabarmendu zuten.