Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gero eta gutxiago gelditzen da hilaren 24rako, Sakandarren Egunerako. Haren antolaketaz arduratzen den Mustutzen Elkarteak dagoeneko jakinarazi digu zeinek jasoko dituen aurtengo sariak. Urteko Sakandarren Saria Josefina Arregi Klinikak jasoko du. Mustutzen elkarteak sari horrekin zentro psikogeriatrikoaren ibilbidea eskertu nahi du. "Bere zerbitzua eta bere kalitatezko arreta eskertzeko modu bat da saria, batez ere garai zailak bizi dituen momentu honetan". Klinikak ibarrarendako duen garrantzia azpimarratu nahi izan du horrela antolakuntzak. Mustutzen elkarteak urtero bigarren sari bat ere ematen du: Urrezko Aitzurra. Haren bidez herrigintzan - herriko taldeetan, elkarteetan, festetan...- lanean aritzen diren pertsonen lana aitortu nahi da, "jorran egoten diren horien lan isila saritzeko". Aurten sari hori jasoko duena Maria Jesus Goñi altsasuarra izanen da. Bere herrian, besteak beste, euskararen alde eta inauterien berreskurapenean egindako lana aitortu nahi zaio. Urriak 24Igandean ospatuko da, aurten ere, Sakandarren Eguna. Mustutzen elkarteak jakinarazi digu Iturmendik hartuko duela festa. Egitarauaren inguruan ezer gutxi aurreratu digute elkartetik. Batetik, pilota partidak izanen direla eta, bestetik, estreinakoz asto lasterketa izanen dela. Neurketa hori bazkariaren ondoren jokatuko da. Izena ematen interesa dutenek 699 893 908 telefonora hots egin beharko dute.