Nafarroa Oinezek Topagunea omendu du

Guaixe 2010eko urriaren 20a

Igandean ospatu zen Nafarroako ikastolen festa eta hori baliatuz Nafarroa Oinezek Topagunea, Euskara Elkarteen Federazioa omendu zuen. Federazio horren barruan Euskal Herri osoko 90 elkarte daude. Horien artean  Irurtzungo eta Altsasuko Aizpea eta Kima euskara taldeak eta Bierrik Fundazioak. Federazioaren izenean Nafarroako Topaguneko koordinatzaile Oskar Zapatak jaso zuen oroigarria.  Munduz mundu zen aurtengo Nafarroa Oinezen leloa. Baina auzo eta herrietan lan egiten duten euskara taldeak gogoan izan nahi zituzten ikastoletako arduradunek Topaguneari saria emanez. Zapatak, bestalde, ikastolek Topagunearen lana aitortzea eskertu zuen. "Sari honek euskaraz bizitzeko baldintzak sortzen jarraitzera animatzen gaitu. Horretan gabiltza eta horretan arituko gara etorkizunean". Zapatak gaineratu zuenez, ikastola mugimendua eta euskara elkarteak norabide berdinean dabiltza. Eta gaineratu zuen, batak zein besteak dutela helburu euskara bizirik mantentzea. "Euskara eta euskal kultura bizirik mantentzea da gure helburua, eta horrek batzen gaitu", adierazi zuen.