Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteburu honetan hasiko da Nesken V. Pala Txapelketa. Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak antolatu du, Etxarriko Gure Pilota klubaren eta Etxarri Aranazko eta Uharte Arakilgo udalen laguntzarekin. Guztira 27-30 emakumezko bikote inguru ariko dira lehian, lau kategorietan banatuta: gaztetxoak, gazteak, helduen lehen maila eta helduen bigarren maila. Partidak ostiraletan (19:00etatik aurrera), larunbatetan (15:00etatik aurrera) eta igandetan (10:30etik aurrera) jokatuko dira, gehienak Etxarri Aranazko pilotalekuan eta batzuk Uharte Arakilgo frontoian. Hortaz, asteburu honetan palak mugimenduan ariko dira aipatu pilotalekuetan. Mankomunitateak antolatutako Nesken Pala Txapelketan Sakanako emakume palistez gain, Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritakoak ariko dira. "Txapelketa egonkortu da, eta Euskal Herri mailan nahiko potentea da. Iazko partaidetza ia bera izango du, eta alde horretatik kontentu gaude, erantzuna ona delako" dio Nerea Martinez kirol teknikariak. Lehenik eta behin ligaxka jokatuko da eta aurrerago helduko da final laurden eta final erdien txanda. Finalak azaroaren bukaeran jokatuko direla aurreikusten da. Pala partidetan giro polita izaten da, eta ikusleek maila handiko partidez gozatzeko aukera izanen dute. Sariak garaikurrak, gaztak eta talasoterapiako sarrerak izanen dira.