Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako Mankomunitatearen 25. urteurreneko ospakizuna hartu zuen Altsasuko Iortia kultur guneak larunbatean. 50 bat hautetsi, kargu ohi eta langile bildu ziren ekitaldian. Baita Toki Administrazio Departamentuko kontseilari Amelia Salanueva Murgialdai eta zuzendari nagusi Pedro Pegenaute Garde ere. Larunbatean hitza hartzen lehena erakundeko lehen presidentea izan zen, Manolo Etxeberria. Zerbitzu batzuk udalek bakarrik ezin zituztela eskaini ohartuta, premia horretatik sortu zela Mankomunitatea gogora ekarri zuen. Sorreran izan ziren kezkak, eskumen galera edo herriek pisua galtzeko beldurrei aurre egin behar izan zietela gogora ekarri zuen. Duela 25 urte industria ehuna sendotu eta langabeziari aurre egiteko helburu jarri zioten mankomunitateari. "Orduan bezala gaur egun ere ibarraren garapena eta sakandarren ongizatea baldintzatzen dute langabeziak eta lan prekarietateak". Etxeberriak nabarmendu zuenez, "gaur egun Mankomunitateak egindako lanaz eta garrantziaz zalantzarik ez dago. Inoiz baino beharrezkoa da". Etxeberriaren iritziz, "Sakanako gainontzeko erakundeak bildu behar dituen erakundea izan behar du Mankomunitateak". Beste helburu bat ere gaineratu zion ibarreko erakundeari: " eskualde ordezkaria, ikuspegi globala eta txokokeriak baztertzen dituena, eta ibarraren garapen orekatuaren eta sakandarren etorkizunaren alde eginen duena". Horren alde lan egiteko eskatu zuen Etxeberriak. LehendakariaMigel Angel Zubiriak esan zuenez Mankomunitatean izan diren desadostasun eta adostasun guztiak "Sakanaren alde egiteko izan dira. Lurraldea garatzeko, bizi kalitatea hobetzeko eta gizarteak behar dituen zerbitzuak hobetzeko". 25 urteetan egindako ibilbidea eta lortutakoa goraipatu zituen. Zubiriak aurrera begirako erronken artean ur zerbitzu integrala eskaintza, gizarte zerbitzuen mankomunitateak batzea edota ibarreko ekoizleen produktuak bitartekaririk gabe saltzeko aukera aipatu zituen. Aurrera begirako lana "bizi kalitatean, justizian eta errespetuan oinarrituta" izan dadila eskatu zuen. "Pertsonak politikaren ardatz" izan daitezen nahi zuela gaineratu zuen eta "sortzen den ondasuna gizartean banatzea" eskatu zuen. Zubiriak mankomunitateko kide diren eta izan diren guztiei eskerrak eman zizkien. Esker oneko hitzak ere langileei zuzendu zizkien. KontseilariaAmelia Salanueva Murgialdaik Sakanako Mankomunitatea bere urteurrenean zoriondu egin zuen. "Lokalismo, errezelo eta halakoen gainetik aurrera egin zenuten eta oinarrizko zerbitzuak eskaintzen dituzue". Kontseilariak, hala ere,nabarmendu zuen Nafarroako udal mapa atomizatuta dagoela. "udal, kontzeju asko ditugu, konpetentzia asko eta finantziazio gutxi. Ongizate gizarteak eskaerak gora egin du eta zerbitzuak hobetzeko aukera dago. Baina eskumenei uko egitea min egiten digu!"Salanuevak gaineratu zuenez, bere departamentuak udal egiturak "berritzeko eta eraginkorragoak egiteko" proposamena egin duela azaldu zuen. Kontseilariaren ustez "mankomunitateak sustatzen jarraitu behar da. Haiek hobetu eta eraginkorragoak bihurtu behar dira. Mankomunitateak bateratzea, batasunak indarra dakarrelako". Horretan guztian bera eta bere departamentua laguntza emateko prest izanen zela azaldu zuen kontseilariak. Horrekin batera, ibarrean bere departamentuak egindako inbertsioak zerrendatu zituen. Altsasuko Erkudengo Ama abesbatzak girotu zuen ekitaldia. Ondoren, 48 lagun bazkaltzera bildu ziren: batzarkideak, langileak eta departamentuko Pedro Pegenaute eta Andres Sola.OmenduakEkitaldian bildu ziren hautetsi eta hautetsi ohiek familia argazkia egin zuten. Haien artean zeuden Sakanako Mankomunitatearen sorreran lan egiteagatik omenduak izan zirenak: Jose Manuel Etxeberria, Pedro Beraza Gastesi, Jose Antonio Agirre Urdangarin (ez zen egon). Ignazio Eskisabel Hernandez, eta Migel Angel Goñi Ijurko. Guztiek oroigarri bana jaso zuten: mankomunitatearen sorrerarako egin zen bilera deialdia eta akta.