Iruñea, New York, Iruñea

Guaixe 2010eko urriaren 26a

Ez, ez da Kirmen Uriberen liburuaren bertsio berria. Iruñeko Orfeoiaren azken bidaiaren laburpena da. Abeslariak "pozez txoratzen" itzuli dira AEBetako biratik. Ez da gutxiagorako, taldeak kontzertu historikoak eskaini baititu Washingtonen eta New Yorken. Urrats garrantzitsu horretan zerikusi berezia izan du etxarriar batek, Igor Ijurra orfeoiaren zuzendariak. Bidaiatik iritsi berri zela, esperientziaren berri eman zigun.Bira borobilaAste beteko biran, lanpetuta ibili zen Iruñeko Orfeoia. Hiru kontzertu arrakastatsu eskaini zituzten AEBetan: urriaren 19an Washingtoneko Kennedy Centerren, eta 20an eta 21ean New Yorkeko Carnegie Hall ospetsuan. Azken antzoki horretan abesten duen Estatuko lehen abesbatza da. "Munduan sei antzoki handi badaude, zalantzarik gabe New Yorkekoa da horietako bat" azaldu digu Igor Ijurrak. Hiru kontzertuetan leporaino bete ziren antzokiak.Mahlerren heriotzaren mendeurrenean, txekiarraren Bigarren eta Zortzigarren Sinfoniak eskaini zituzten. Iruindarrek Washingtoneko Choral Arts Society-ko kideekin batera abestu zuten. Lehen kontzertuaren bezperan, gogor lan egin zuten elkarrekin eta lan horrek emaitza izan zuen: kritikek bi abesbatzen arteko enpaste bikaina, tonu argia eta pasioa nabarmendu zuten. Gainera, 8. Sinfonian, Washingtoneko eta Brooklyneko haurren abesbatza izan zuten lagun, bakoitza bere hirian.Valery Gargiev handiaren San Petesburgoko Mariinsky orkestra bikainak jarri zuen musika instrumentala. Hain zuzen, orkestra ezagunaren zuzendariak gonbidatu zuen Iruñeko Orfeoia New Yorkeko kontzertura. "Dudamel venezuelarrarekin batera, munduko zuzendari ezagunena izanen da. Nahi duen abesbatza izan dezake ondoan, baina bi koru amateurren alde egin du apustu" adierazi du pozik Igorrek. Errusiako zuzendariak ongi ezagutzen zuen abesbatza, iaz elkarrekin igo baitziren Baluarteko agertokira. Zuzendari handia "oso pozik" geratu da AEBetako kontzertuekin eta aurrerantzean "elkarlanean jarraitzeko prest" azaldu da. Aurrera begiraBidaia neketsua izan arren, pozik itzuli dira Orfeoiko kideak, egindako lanarekin harro. "Hiri txiki bateko orfeoia izanik, munduko antzoki garrantzitsuenetakoan egon gara orkestra ezagunenetakoarekin. Egin duguna Osasuna Europako Kopa, Championseko finala lehiatzearen parekoa da" azaltzen digu Igor Ijurrak. Hala ere, etxarriarrak lurrean oinak ditu, "betiko martxarekin eta betiko lanarekin jarraitu behar dugu. Baina Europan barna zerbait egitea nahi dugun orduan, AEBetako biraren ondoren aurkezpen karta erakargarriagoa dugu" dio.SakandarrakOrfeoiko 90 lagunek parte hartu dute AEBko biran. Igor Ijurra ez da izan sakandar bakarra. Berarekin batera izan dira Pedro Lizarraga, Txaro Garziandia, Javier Artieda, Arantxa Igoa (laguntzailea) eta Rosa Ondarra (laguntzailea) etxarriarrak eta Tere Flores eta Leandro Garziandia arbizuarrak. Esperientzia ahaztezina izan da guztiendako.AukeraIruñeko abesbatza eta Mariinsky orkestra elkarrekin entzuteko aukera izanen dugu abenduaren 17an, Iruñeko Baluarte antzokian. Mahlerren Bigarren Sinfonia eskainiko dute. Kontzertu horrekin itxiko dute iaz Iruñean hasi eta AEBetan jarraipena izan duen Mahlerren musikaren zikloa.