Rural Kutxa kategoriaz igo da

Guaixe 2010eko azaroaren 5a

Rural Kutxa talde kontinentalak ametsa bete du: kategoriaz igo eta talde profesional kontinentala izatea lortu du. Eskatutako dokumentazio eta berme guztiak garaiz aurkeztu eta gero, asteartean Nazioarteko Txirrindularitza Elkartearen baiezkoa jaso zuen Rural Kutxak. Jakina, pozez zoratzen daude. Rural Kutxako kirol manager Juan Manuel Hernandezek taldea profesional kontinental izatea guztiz beharrezkoa dela nabarmendu du. "Espainian talde kontinentalek ez dute zentzurik. Gutxienik 600.000 euroko inbertsioa eskatzen dute eta soilik 30 eguneko lehiaketa egutegiarekin ez zoaz inora. Publizitatea minimoa da eta ez du inbertsio handi hori justifikatzen" azaldu du. Iazko plantilla oinarri Rural Kutxak iazko plantilla gehiena mantenduko du. Arturo Mora, David de la Cruz, Egoitz Garcia, Fabricio Ferrari, Garikoitz Bravo, Guillermo Lana, Higinio Fernandez, Joaquin Sobrino, Jose Herrada, Oleg Chuzhda, Ruben Martinez eta Ruben Reig txirrindulariek jarraituko dute. Iaz 5 garaipen lortu zituzten, lehen urterako balantze ona. Profesional mailan esperientzia izan duten hiru txirrindulari kontratatu dituzte - Javier Moreno, Diego Milán eta Julián Sánchez - , eta Sakanako Rural Kutxa afizionatuen taldetik, filialetik, hiru igo dira: Alexander Ryabkin, Igor Romero eta Victor de la Parte. Txirrindulari askoren eskaintzak atzera bota behar izan dituzte. Helburua: Espainiako Itzulia Hurrengo denboraldian aurrekontua bikoiztuko du Rural Kutxak, eta egutegi zabalagoa izango du. Helburua Espainiako Vueltan aritzeko gonbidapena lortzea da. "Horretarako gogor borrokatuko dugu" azpimarratu dute. Bestalde, harrobia lantzen jarraituko dute, iaz 40 garaipen lortu zituen Sakanako Rural Kutxa amateurra mantenduz. Burunda taldetik sortutako egitasmoa Rural Kutxa talde kontinentala iazko denboraldian aurkeztu zen. Burunda Txirrindularitza Taldetik sortu zen egitasmoa, baina Grupo Deportivo Preventiaenpresakeraman du bere gestioa. Floren Esquisabel altsasuarra zen manager nagusia, Juan Manuel Hernandez kirol managerra, eta Iñaki Juanikorenak eta Eugenio Goikoetxeak hartu zuten taldearen ardura.