Eskalada ikastaro arrakastatsua

Guaixe 2010eko azaroaren 5a

Sakanako Mankmunitateko Kirol Zerbitzuak antolatutako eskalada ikastaroa guztiz arrakastatsua izan da. Azkenean 16 ikaslek eman zuten izena bertan aritzeko, eta horregatik bi monitore izan zituzten irakasle: Jon Gurutz Lazkoz eskalatzaile eta eskalada bide prestatzaile arbizuarra, eta bere lagun eta berarekin eskalada bideak prestatzen dituen Ander Gardeazabal bizkaitarra. Ostiralean Sakanako Mankomunitateko egoitzan bildu ziren eskalada ikastaroko ikasleak, eskaladari buruzko azalpen teoriko praktikoak jasotzeko. 16 ikasleetatik 12 emakumeak ziren, datu aipagarria, eta 14-15 urteko bi nerabeez gain, gainontzekoek 25 urtetik gora zituzten. Lazkozek eta Gardeazabalek eskaladan erabili beharreko materialea erakutsi zieten, arnesak eta beste nola erabili behar diren erakutsi, sokak nola lotu irakatsi eta ikasleek zituzten zalantza guztiei erantzuna eman zieten. Eta larunbatean ikasitakoak praktikan jartzeko garaia iritsi zen. Uharte Arakilgo Aiztondon aritu ziren eskalatzen, goizeko 10:00etatik 17:00etaraino. Igandean Eginoko Lezera joateko asmoa zuten, baina euria iragarrita zegoenez Iruñeko Rocopolis rokodromora jo zuten. "Oso esperientzia positiboa izan da eta giro oso ona egon da ikastaro guztian barna. Jendea kontentu eta eskaladan sakontzeko gogotan gelditu da eta beraz, balorazioa oso positiboa izan da" adierazi du eskalada ikastaroan parte hartu zuen Mankomunitateko Kirol teknikari Nerea Martinezek.