Kultur arteko liburu trukea IrurtzunenIpuin kontalariak eta eskulan tailerrak ere izanen dira

Guaixe 2010eko azaroaren 5a

Irurtzungo foruen plazak liburu truke azoka hartuko du igandean. Irurtzungo eskualdeko Gizarte Zerbitzuetako hezitzaile Ekiñe Ramosek, Sakanako Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuko teknikari Bego Zestauk, Itxipuru taldeko Alfredo Prietok, Irurtzungo Atakondoa ikastetxeko liburutegiko arduradun Cristina de Pradosek eta guraso elkarteko Maria Esparzak aurkeztu zuten ekimena. Guztiek ipuinen mundu magikoan murgiltzera animatu dituzte kultura guztietako Arakilgo haur eta gazteak. Liburu-trukea Irurtzungo Atakondoa ikastetxeko ikasleek etxean alboratuta zituzten liburuak eramateko aukera izan dute aste guztian. "Giroa berotzeko, aurretik trukearen gaia landu zuten ikastetxean" azaldu digu Ekiñe Ramosek. Ikastetxeko liburutegian egin dute bilketa eta trukean txartela jaso dute. Gaur dute horretarako azken eguna. Haurrendako liburuak ez-ezik, helduendako liburuak ere izanen dira igandeko azokan. Itxipuru taldeak bigarren eskuko liburu bilduma eramanen du. Kasu horretan ez da truke-txartelik beharko. Kultur arteko festa Liburu truke hutsa baino gehiago izanen da igandekoa: zenbait hizkuntzatako liburuak eta ipuinak ezagutu eta kultura ezberdinetako sakandarrekin hartu-emana izateko aukera izanen da. Zenbait ekimen antolatu dituzte horretarako. Goizean zehar Sakanan presentzia duten zenbait hizkuntzetako idatziak ikusteko aukera izanen da azokan. Arabiera, errusiera, errumaniera, wolof eta serer hizkuntzetara gerturatzeko aukera ederra da. Sakandarrek nahi adina galdera egin eta grafia lantzeko aukera izanen dute. "Ekimena jolas moduan prestatu dugu" azaldu du Bego Zestauk. Bestalde, eguerdiko 12:30ean, ipuin kontalariak izanen dira herriko liburutegi zaharrean. Hiru hizkuntzei eginen diete lekua saioan: arabierari, gaztelaniari eta euskarari. Orri markatzaileak egiteko tailerra ere izanen da. Azkenik, sorpresa gozoak ere iragarri dituzte. Sinergia Irurtzungo eta bailarako bost erakunderen artean antolatu dute igandeko liburu azoka. Ez da elkarlanean antolatu duten lehen ekimena. Iaz, esaterako, Guraso elkarteak proposatuta, bigarren eskuko jostailuen azoka antolatu zuten. Haren ondotik sortu zen liburu azokaren ideia. Antolatzaileek lankidetzaren garrantzia azpimarratu zuten. "Irurtzunen gero eta sare zabalagoa osatzen ari gara eta lankidetza gero eta errazagoa da. Ia oharkabean sortzen dira ideia berriak" adierazi zuen Alfredo Prietok. Hala ere herritarren iritzia, ideia berriak eta proposamenak entzuteko prest daude. Igandean liburu garbia jarriko dute azokan, herritarren ekarpenak hartzeko.