Esker oneko kontzertuak

Guaixe 2010eko azaroaren 5a

Joan zen urtean Hatortxu 10 ekimena ospatu zen Lakuntzan. Hiru egunez ekitaldi ugari izan ziren Sakanako herrian eta, askatasun deiadarra ahoan, jendetza bildu zen. Hiru egun horietan guztia behar bezala ateratzeko gogotik lan egin behar izan zuten zenbait sakandarrek hainbat egunetan. Ahalegin berezia egin behar izan zuten lakuntzarrek. Hilabeteak geroago Hatortxu 10 ekimenaren antolakuntzak lakuntzarren lan hori eskertu nahi izan du. Egun osoko ospakizuna antolatu dute bihar, larunbaterako, Eskerrik asko, Lakuntza izenarekin. Lagun arteko bazkariak emanen dio hasiera egunari. Ondoren, 18:00etan, herri poteora gonbidatu dute nahi duen oro. Afarian indarrak hartu eta gero etorriko da eguneko ekitaldi nagusia, kontzertuak. 23:00etatik aurrera Lakuntzako zinemako oholtza gainera igoko dira Barañaingo Arima Sutan eta Berriozarko Khous taldeak. Ondoren, gaupasa izanen da Tximeleta taldearekin eta DJekin.