Anda eta Salazarren artelanak Tuteran

Guaixe 2010eko azaroaren 5a

Nafarroako Parlamentuaren Arte Garaikidearen bilduma kalera atera da lehen aldiz. Artelanak ikusgai daude ateak ireki berri dituen Tuterako Almirante Etxean, Maria Forcada Fundazioaren egoitzan. Nafarroako artista ezagunen 22 obra dira,19 margolan eta argazki eta hiru eskultura. Horien artean daude Jose Ramon Andaren eta Dora Salazarren artelanak. Erakusketak egungo Nafarroako arte garaikidean bidaia egiteko aukera eskaintzen du. Bidaia horretan bi sakandarrekin eginen dugu topo. Jose Ramon Anda (1949) materia ezberdinen testura eta forma lantzen aditua da. Lanketa horren emaitza dira hiru dimentsiotako ikurrak, figurazioa eta abstrakzioaren eta tradizioa eta modernitatearen arteko lanak. Bestalde, Dora Salazarrek (1963) eskultura espazioan egindako marrazki gisa definitzen du. Hari finetatik zintzilik, Ekilibristak lanari mugikortasun eta sentsualitate handia dario. Erakusketak urrian ireki zituen ateak eta ikusgai egonen da abenduaren 30era arte. Anda pilotari Donostiako kubo-kutxa aretoak Jai-Alai. Euskal Pilotaren Edertia erakusketa hartuko du ilbeltzaren 9ra arte. Izenak dioen bezala, erakusketak euskal pilotaren historian ibilaldia eginen du artearen bidez. Gai honen inguruan inoiz egin den erakusketa garrantzitsuenetakoa da. Zenbait artista ezagunek parte hartu dute erakusketan, besteak beste, Jose Ramon Anda bakaikuarrak. Artista ugariren arreta eta begirada bereganatu dituzte pilotarien mugimenduek eta frontoien lerro zuzenek azken bi mendeetan. Margo-lan, argazki, eskultura eta ikus-entzunezkoen bidez, euskal pilotaren historian murgilduko dira ikusleak. Erakusketak aro historiko zabala hartzen du , Amerikako pilota-joko zaharren aztarnetatik hasi eta jokoaren gaur egungo azken irudikapenetaraino.