Euskal Kantu Txapelketa Etxarrin mustuko da

Guaixe 2010eko azaroaren 5a

Igandean hasiko da Nafarroako Euskal Kantu Txapelketa. Etxarri Aranazko kultur etxeak hartuko du lehenengo kanporaketa. Bertan izanen da zenbait sakandar. 1. kanporaketa Beste behin ere, Euskal kantu txapelketan parte hartuko du Altsasuko Iaioak taldeak. Maite Gonzalezek (baxua), Loitzune Berastegik (trikitia), Endika Jakak (bateria), Olatz Monrealek, Alazne Gineak eta Ainhoa Ramirez de Aldak (gitarra eta ahotsa) osatzen dute taldea. Altsasuarrek bi kantu eskainiko dituzte: Etzakit taldearen Txikita eta The Cramberries talde irlandarraren abestian oinarritutako Ametsak. "Ez da erraza letra originala itzuli eta melodian txertatzea, baina altsasuarrek primeran egiten dute" aurreratu digu Kantuzale Elkarteko Juan Velezek. Sortzez altsasuarra den Iker Diazek ere igandeko kanporaketan parte hartuko du. Sakandarrekin lehian ariko dira Nafarroako zenbait herritako bakarlariak, bikoteak eta taldeak, Aurizperritik Tuteraraino. "Errealitate aski ezberdinak izan arren, euskarak eta kantu zaletasunak bilduko ditu guztiak" dio Juan Velezek. Bestalde, txapelketatik kanpo, beste bi sakandar igoko dira oholtza gainera, Aintzane eta Jaione Diaz ahizpak. Euskal Kantu Txapelketa Euskal Kantuzaleen Elkarteak antolatzen du Euskal Kantu Txapelketa, "euskal kantagintza zabaltzeko helburuarekin". Horrekin batera, kantari berriak plazaratu nahi dira. Igandean jokatuko da lehen kanporaketa Etxarrin. Datorren astean jarraipena izanen du txapelketak Artika Berrian. Finala azaroaren 20an izanen da, Elizondon.