Mundu bete zapore, eskura

Guaixe 2010eko azaroaren 5a

Estreinakoan izandako arrakasta ikusita, Sakanako Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuak bigarren urtez Munduko Pintxoak egitasmoa prestatu du. Hala, zazpi herrietako 14 tabernatan, bihar eta etzi, goiz eta arratsaldez, kultura ezberdinetako gastronomiaz gozatzeko aukera izanen da. Beti ere, tamaina txikiko gutiziak. Taberna bakoitzak pintxo bat baino gehiago eskainiko ditu, beheko taulan bakarra agertzen bada ere. Begoña Zestau Baraibar immigrazio teknikariak azaldu duenez, ekimen honekin "kultura ezberdinetako pertsonen arteko harremana bultzatu nahi dugu". Horrekin batera, ibarretik atera gabe sakandarrei munduko hainbat txokotako gastronomia dastatzeko aukera eskaini nahi zaie. Azken finean, "kultura anitzen ikur ezberdinak sakandarrei hurbiltzea". Ekimenak iaz oihartzun aparta izan zuen eta horrek ekarri du taberna parte-hartzaileen kopurua ia bikoiztea. Iaz parte hartu zuten tabernek berriz iazko sakandar berriekin batera prestatuko dituzte pintxoak. Sakandar berririk ezagutzen ez zuten tabernek Immigrazio Zerbitzuaren laguntza izan dute, eta hala parte hartu ahal izanen dute Munduko Pintxoak ekimenean. Eskaintza gastronomikoa tokian tokiko edari edota musikaz lagunduta joanen da. Zestauk sakandarrak gonbidatu ditu "kultura anitzak, zein munduko bazter ezberdinetako pertsonen bidez haien kulturen ikurrak (sukaldaritzaren bidez oraingoan) ezagutzeko aukera erraz bezain gustagarria" aprobetxatzera.