Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 2012.
urtetik aurrera Etxegaraten
kamioiendako bidesaria jartzeko
asmoa du. Horregatik, errepideak
erabiltzeagatik aplikatu beharreko
irizpideak zehazteko Foru
Arauaren aurreproiektua onartu
zuen Aldundiak.
Nafarroako Gobernuak ez du
begi onez ikusi Gipuzkoako Foru
Aldundiaren asmoa, eta bidesarien
aurreproiektuari alegazioak
aurkeztu dizkio.
Argudioak
Laura Alba Cuadrado Herri Lan,
Garraio eta Komunikazio kontseilariak
adierazi duenez, alegazioaren
bidez ez dira jendaurreko
informazio aldiaren fasean dagoen
testuaren artikuluak aldatu
nahi. Horren ordez, arau osoaren
aurka egin du Nafarroako Gobernuak,
"Espainiako lurralde osoan
eta ekonomia orokorrean eragin
zabala duelako".
Alba kontseilariaren iritziz
"Gipuzkoako araua guztiz inkoherentea
da Ministerioak Europako
Zuzentarauaren, 713/2009 Errege
Dekretura bildutakoaren, transposizioan
izandako jarrerarekin,
Ministerioak garraioaren sektorearekin
2006an sinatutako akordioekin".
Albak jakinarazi zuenez,
"inkoherentea da ere Ministerioak
Europan izandako jarrerarekin
konparatzen badugu". Kontseilariak
gogorarazi zuenez, Espainiak
Europa mailan kamioek bidesariak
ordaintzearen aurkako botoa
eman zuen. Sustapen ministroak
kontrako botoa argudiatu zuen
esanez arau hori Europako periferiako
herrialdeendako zigortze
negatiboa dela.
Bestalde, Alba kontseilariak
adierazi duenez, Nafarroako
Gobernuak bidezko ekintza guztiak
eginen ditu arauak aurrera
egitea saihesteko eta, hala denean,
bideragarria balitz, arauaren
aurrean errekurtsoa aurkezteko.
Kontseilariak Espainiako Gobernuko
Garraio idazkari nagusiarekin
presako bilera eskatu du arduratuta
dagoela esateko eta Estatuko
Administrazio Orokorrak
kasuan kasuko neurriak hartu
ditzan.