Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Iskiza Sakana gimnasia erritmikoko taldeko neskak ez dira gelditzen. Azkenaldian makina bat torneo eta txapelketetan aritu dira, eta emaitza oso honekin. Esaterako, urriaren 9an Zaragozako Pilareko torneoan aritu ziren Santander, Nafarroa, Gipuzkoa, Madril, Logroño, Asturias, Bartzelona eta beste tokietatik joandako taldeekin. Iskiza Sakana taldeko kimuak bigarrenak izan ziren bost pilotako ariketan, eta haur mailakoak laugarrenak bost soketako ariketan. Urriaren 6an eta 31n Nafarroako talde txapelketako lehenengo eta bigarren fasea izan zuten jokoan. Kimuak bigarrenak eta hirugarrenak sailkatu ziren, eta haur mailakoak lehenengoak, bi fasetan. Larunbatean, azaroaren 6an, Reyno de Navarra torneoan lehiatu ziren beste hainbat klubekin batera, eta Iskiza Sakanako kimuek zilarrezko domina lortu zuten eta haur mailakoek urrezkoa. Hortaz, zoriontzeko moduan daude. Datorrena: Estatuko TaldekakoaAzaroaren 18an, hurrengo ostegunean, Iskiza Sakana taldekoak Valladolidera joango dira Estatuko Taldekako Base Txapelketan aritzera. Txapelketak hiruzpalau egun irauten ditu eta Estatuko talde ugari ariko dira. Bi talde eramango dituzte, kimuena eta haurrena, eta nahiz eta lorpenak lortzea oso konplikatua izan, gogor saiatuko dira Sakanako neskak. Geroz eta maila handiagoaIskiza Sakanako monitoreak oso pozik daude urte hauetan egindako lanarekin eta lortutako emaitzekin, "are gehiago denboraldi hau bereziki gogorra izan dela kontuan hartuta". Monitoreek azaldu dute Iskiza Sakanako gimnasten maila urtetik urtera handiagoa dela, eta hori dela lortu duten helburu nagusiena orain arte. 95 gimnasta eta 6 entrenatzaileIskiza Sakana taldean aurten 95 gimnasta aritzen dira guztira. Klaseak Altsasun (70 ikasle) eta Olaztin (25 ikasle, Sutegi taldearekin elkarlanean) ematen dituzte. Hiru mailatan aritzen dira: eskola mailan, Txapelketako Kirol Jolasen mailan eta Txapelketako Autonomia Arteko mailan. Azken maila honetan 19 ikasle aritzen dira. Gimnastak Sakana guztikoak dira, eta horregatik klubari izena aldatu diote: Iskiza Sakana da. Sei monitorek dute taldearen ardura. Amaia Olmo eta Cristina Remolina txapelketa mailako entrenatzaileak dira, eta Marta Fernandez de Ara, Amelia Moreno, Nerea Zabalo eta Amaia Antoñana eskola mailako entrenatzaileak. Entrenamenduei dagokienez, eskola mailako gimnastek astean 2 ordu entrenatzen dute eta adinaren arabera sailkatutako lau talde ezberdin daude. Kirol Jolasetan aritzen direnak astean hiru ordu entrenatzen dute - gimnasia erritmikoa eta balleta lantzen dute - , eta Autonomia Arteko mailan aritzen direnak astero lau orduko entrenamendua dute. Iskiza Sakana taldearen helburua kalitatezko jarduera eskaintzea da, eta urtez urte gimnasta guztien maila hobetzea. Finean, gaztetxoen trebetasuna, irudimena, psikomotrizitatea, elkarlana, disziplina, segurtasuna eta beste lantzea.