Bigarren hilabetez, langabeziak behera

Guaixe 2010eko azaroaren 8a

Langabeziak beherako joera hartu du azken bi hilabeteetan Sakanan, kopuruak handiegiak ez badira ere: irailean bost langabe gutxiago eta lastailean 17. Sakanan guztira 1.463 langabetu zeuden hilaren akaberan. Haietatik 180 (irailean baino bederatzi gehiago) Irurtzun eta Arakilgo zenbait herrietakoak dira, Iruñeko enplegu bulegoan izena ematen dutenak. Gainontzeko 1.283 langabeek Altsasuko enplegu bulegoan izena eman dute (26 gutxiago). Sexuari dagokionez, emakumeak dira langabe gehienak: 826 (%56,45), irailean baino 4 emakume langabe gutxiago dira. Gizonak, berriz, 637 dira (%43,54). Aurreko hilean baino 13 gizon gutxiago daude zerrendan.SektoreakLangabe sakandarren erdiak (737 edo %50,37) zerbitzuen sektorean lan egin nahiko luke. Irailarekin konparatuta lau pertsona gehiago dira. Zerbitzuen ondoren, industria dago eskaeren heren batekin (%34,79). Lastailaren akaberan 509 sakandar zeuden industrian aritzeko prest, irailean baino 28 gutxiago. Eraikuntzan aritzeko 113 sakandarren lan eskaera jaso ziren enplegu bulegoetan (%7,72), aurreko hilean baino 4 gehiago. Lehen sektoreari dagokionez, 28 sakandar agertu dira hartan lan egiteko prest (%1,91), aurreko hilean baino bat gehiago.  Azkenik, aurretik lanik egin ez duten eta lan egin nahiko luketen sakandarrak 76 dira (%5,19), irailean baino bi gehiago.NafarroaSakanako azken bi hileko joera Nafarroakoaren kontrakoa izan da. Herrialdean gora egin du langabeziak berriro urrian. Irailean baino 662 langabe gehiago zeuden, %1,6ko hazkundea. Guztira, iraila despeditzean 43.278  nafar zeuden enplegu bulegoetan izena emanda. Haietatik 21.896 emakumeak dira (aurreko hilean baino %1,41 gehiago) eta gainontzeko 20.140ak gizonak (urrian baino %1,8 gutxiago).Nafarroako Gobernuko Lan arloko zuzendari nagusiak, Imelda Lorea Etxeberriak nabarmendu du urri bukaeran, 268.454 pertsona zeudela Gizarte Segurantzan alta emanda. Urte betean afiliatuen kopuruak %0,5 egin du behera Nafarroan; estatuan, berriz, %1,36. Loreak esan du Gizarte Segurantzako afiliazioa dela foru erkidegoan sortzen den enplegua neurtzen duen erregistroa.Lan arloko zuzendari nagusiak, gaineratu du langabeziaren igoera "neurritsua" izan dela aurreko bi urteekin alderatuta. Loreak adierazi du "nekazaritzako eta nekazaritza elikagaien industriako kanpainak urrian despeditzen direnez, langabeziak normalean gora egiten duela". Bestalde, azpimarratu du "aurten industria eta zerbitzu sektoreetako igoera txikiagoa izan dela eta, gainera, eraikuntza sektorean langabeziak behera egin duela".