Otsoportillo zikinduta

Guaixe 2010ko aza. 10a, 00:00

Espainiako Gerra Zibilean Urbasako Otsoportillo, Basanziturri eta Ordozko lezeak eta Ubaba (Balcon de Pilatos) 200 bat errepublikazaleren hiltoki bihurtu ziren. Haien oroimenez, Jose Ramon Anda eskultoreak egindako lana jarri zen. Bi xaflek elkar jotzearekin fusilatuen samina irudikatu nahi izan zuen Andak. Gerran nazionalek hil zituzten pertsonen oroimenez Nafarroan jarri zen lehen  oroigarria izan zen Urbasakoa.

Erasoa
Aurreko ostegun goizean oroigarria guztiz margotuta agertu zen. Espainiako banderen koloreak agertu dira oroigarrian, lurreko harrietan baita lezeko itxituran ere. Gainera, oroigarrian mehatxuzko hainbat mezu irakur zitezkeen: Gora Espainia, sasikume putoak; Zuen erruz negar egin zuten ama guztien partez eta Dagoeneko ezin da bakerik egon, gerra galdu zenutelako, lehertu behar zaituztet. Horretaz gain, oroigarriaren inguruan zeuden loreak atera eta barratuta gelditu ziren. Iazko apirilean ere ikur naziak agertu ziren oroigarrian.

Erreakzioak
Oroigarriak izandako erasoaren berri azkar zabaldu da e-posten bidez eta jende askoren haserrea piztu du: "bada garaia halakoak behingoz bukatu daitezen". Halako ekintzen egileen inpunitatea ere salatu nahi izan dute. NaBaik Otsoportilloko oroigarriaren kontrako "eraso faxista" kondenatu eta gaitzespena adierazi du. Koalizioko parlamentari Asun Fernandez de Garaialdek deitoratu egin du "elkarbizitza eta bakeari trabak jartzea besterik ez dituen gertakariak". Iaz halakoak ere Sakanako hainbat tokitan gertatu zirela gogora ekarri du. Parlamentariaren iritziz halako gertakariek "ez dute eragotziko frankistek eraildako pertsonen memoriari eustea, ezta Nafarroak eta bere biztanleek bakean eta normalitatean dagoen erkidego baten alde lan egitea ere".  Aralar "pintaketa faxistak kondenatu eta haien kontra" azaldu da. Aralarrek penaz hartu du "eskuin muturreko pertsonek Nafarroako elkarbizitza kolpatzea, eta, gainera, Euskal Herrirako bake eta elkarbizitza eskenatokia lortzeari uko egiten diote". Gertakariak ikertzea ere eskatu du Aralarrek. 

Ezker abertzaleko Sakanako hainbat hautetsik eta Txelui Morenok asteazkenean prentsaurrekoa eskaini zuten. Otsoportilloko "eraso fasixtaren testuingurua aipatu zuten lehenik. Azaroaren 20aren hurbiltasuna, EAEko Memoriaren Egunaren ospakizuna, "frankismo eta ondorengo biktimak kontuan hartzen ez dituena" eta Felipe Gonzalezen adierazpen "eskandalosoak". Ezker abertzaleko kideek adierazi zutenez, "faxistak bizirik daudela erakutsi eta 36ko genozidioaren ondorioz irabazi zituzten mozkin politikoak ez galtzeko". Ezker abertzaleko kideek "eraso horiek baino, estatuaren botere-gune guztietan txertaturik, egunero Euskal Herriaren aurkako politikak diseinatzen eta gauzatzen dituzten horiek larritzen gaituzte".

Erasoarekin "min" egin dietela adierazi zuten ezker abertzaleko kideek. Oroigarria herri ekimenez eraiki zutelako "1936an gure herriaren askatasun demokratikoen alde jarduteagatik erail zituzten borrokalarien  memoria gordetzeko". Min eginagatik ere "gure herria dagoen ukazio egoeratik independentzia eta sozialismora eramateko konpromiso irmoa" hartu duela adierazi du ezker abertzaleak. Euskal Herrian "askatasunaren aroa eraikitzen" ari dela nabarmendu zuten. Bestalde, ezker abertzaleak iragarri zuen udaletan mozioak aurkeztuko dituela. Erasoa salatu eta ikertzeko eskatzearekin batera, udalei oroigarria konpontzeko dirua aurreratzeko eskatuko diete, "kaltea egin dutenek haien erantzukizunari aurre egiten dioten bitartean". Horretaz gain, hilaren 28ko eguerdian ekitaldi politikoa antolatu du ezker abertzaleak Otsoportillon. Azkenik, jakinarazi zuten gertaerak argitzeko eskatuz Arbizuko Udalak salaketa jarri duela.