Behobia-Donostia helburu

Guaixe 2010eko azaroaren 12a

Fortuna Kirol Elkarteak antolatuta, igandean jokatuko da 46. Behobia-Donostia lasterketa famatua. Aurten ere parte-hartze errekorra gainditu du probak, eta goizeko 11:00etan 20.481 korrikalarik - horietatik %15,5 emakumeak - hartuko dute irteera Behobian, 20 km osatu eta gero Donostiako Boulevarrera heltzeko. Tartean sakandar ugari izango dira, lasterketa osatu eta Donostian egun pasa ederra egingo dutenak. Horretaz gain, gurpildun aulkian doazenak 10:20ean aterako dira eta izena eman duten 125 irristalariak 10:40ean. Donostian, kategoria txikikoendako lasterketak izanen dira goizeko 10:00etan hasita. Korrikalari eta ikusleen artean giro zoragarria espero da. Azken asteetan ohikoa da Sakanako bide eta errepideetan korrika dabilen jendea ikustea, Behobia-Donostia prestatzen buru-belarri. Iaz 112 sakandarrek osatu zuten ibilbidea, eta ikusi behar igandean zenbat animatzen diren.