Parlamentua Josefina Arregi klinikaren bideragarritasunaren alde

Guaixe 2010eko azaroaren 11

Astearte arratsaldean Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzordean, atzera ere, Josefina Arregi zentro psikogeriatrikoa hizketa-gai izan zen. Sakanako alkateen ordezkaritza eta zentroko kudeatzaile egon ziren, nor bere alde. Talde parlamentarioek klinikaren bideragarritasuna lehenbailehen ziurtatzeko konpromisoa hartu zuten berriro. Udalen ordezkariek (Josu Mendinueta, Unai Hualde eta Arturo Carreño) nabarmendu zutenez "dagoeneko hitz polit guztiak esanak daude, baina egoera konpondu gabe dago eta ezin da gehiago itxaron, atzera bueltarik gabeko egoera sor daitekeelako". Hitzei ekintzak segitzeko eskatu zuten udal ordezkariek. Aukera baliatu zuten salatzeko Kutz kontseilariari bilera eskatu ziotela eta oraindik ez diela erantzun.Zentroko kudeatzaile Jesus Torralba Zelaiak esan digunez, "hitz politak eta aitorpena ditugu. Baina zain gaude". Kudeatzailearen iritziz talde politikoen konplizitatea bilatu behar da aurkezten diren emendakinak aurrera eginen dutela ziurtatzeko eta bideragarritasun planari gobernuak ematen dion erantzunaren aurrean prest egoteko.