Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lau urteko etenaren ondoren, igandean bueltatuko da Patata Operazioa. Klaxona etengabe jo eta "Operacion patata!" behin eta berriz entzunen da, atzera ere, herrietan. Eta iruindarren ibilgailuak makina bat geldialdi eginen ditu. Iruñeko Alegria de Iruña peñako kideen bisita jasoko dute, berriro ere, Satrustegi, Hiriberri, Ihabar, Irañeta, Uharte Arakil, Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi eta Urdiainen. Sakanan bezala, peñako kideak Artzibarren eta Erroibarren ere ibiliko dira. Alegria de Iruña peñakoen igandeko helburua patatak biltzea da, gero Iruñeko Hermanitas de los Pobres etxeari emateko. Urtetik urtera patata gutxiago ereiten denez, tuberkulo gutxiago jasotzen dute, baina dohaintza eta beste produktu gehiago - botikak eta beste- biltzen dute Alegria de Iruñako peñakideek. Goizeko bederatziak aldera hasiko dute ibilbidea Urdiaindik.Lau urte gabePatata Operazioa azkenekoz 2005ean egin zen. Hurrengo urtean Hermanitas de los Pobres-en egoitza bota eta beste bat jasotzeko lanak hasi zituzten. Hura jasotzeko bestelako elkartasun kanpainak egin ziren. Iruñeko Gipuzkoa etorbidean eraikin berria jaso ondoren, aurrekoaren ia toki berean, berriro bueltatu dira peñako kideak Patata Operazioarekin. 46. edizioa da aurtengoa.