Euskalherrian.info

Guaixe 2010eko azaroaren 12a

Zer ari da gertatzen Euskal Herrian? Oso galdera zaila, ehunka erantzun izan ditzakena. Baina zorionez galdera horri erantzuteko asmoa duten hainbat webgune badira herri honetan. Izan ere eguneroko prentsa generalistak ezin dio erantzun Euskal Herriaren luze zabalean gertatzen den guztiari, baina herri eta eskualde ezberdinetan dauden webguneei arreta jartzen badiegu mapa handi bat lor(tu) dezakegu, gertatzen den guztiari baino gertatzen diren gauza askori erantzuten diona.Horretarako jaio zen http://www.euskalherrian.info webgunea, eragile, herri mugimendu zein webgune herritarretan argitaratzen den guztia bildu, sailkatu eta zabaltzeko. Ez da webgune klasikoa: izan ere gauza gutxi gordetzen ditu beretzat eta loturak zabaltzeko erronka du, bisibilizazioarena, azken finean. Egunero hamarka berri argitaratzen ditu baina ez du erredakziorik. Sarean argitaratzen diren gauza asko biltzeko erronka du baina automatikoki egiten du.Orain hilabete argitaratu nuen RSS baten bidaia artikuluan jada azaltzen nuen RSS teknologiak ekarri dituen onurak: honelako ekimenak dira horren erakusgarri. Herri askotan gertatzen ari dena ulertzeko ia modu bakarra bilakatu da Internet eta webgune hau goizero bisitatu beharrekoa dela uste dut. Beno, eta gauero ere, denbora baldin badugu.Baina berriak hartu eta ordenatzea ez da egiten den gauza bakarra. Sareko ekimenei ere erantzuten die: informazio kolektiboa era libre batean biltzeko blog zehatzak (greba orokorrari erantzunez sorturikoa, Adierazi Ehren manifestaldi debekuarekin batera sorturikoa, KIT izeneko formakuntza eta saretze ekimenari buruzkoa...) edo teknologia berriak ere erabiltzeko: Facebookera bideratutako informazio guztia, Twitter bidezko jarraipena eta etiketatzea edo egunero gordetzen diren Egunkari maketatuak, PDF formatuan. Eta hau gutxi balitz Hamaika Telebistan astero egiten den (dudan) telebista saioa ere bertatik jarrai daiteke. Webgune honek automatikoki egiten duen lanaren garrantzia ikusteko beste datu interesgarri bat: hilabete honetan sortu den eu.umap.eu orrialdeak euskarazko erabiltzaileek bidaltzen dituzten Twitter mezuak jasotzen ditu eta hitzik erabilienak bilatu. Bada! Umap sortu zenetik pasa diren 20 egun hauetan 1.283 berri argitaratu ditu, horietatik gutxienez 727 euskaraz. Mezuak bidaltzerakoan jartzen duen #ehn etiketa hilabeteko erabiliena da, eta 10 erabilien artean daude #bizkaia, #nafarroa eta #notimeforlove. Hau da, Bizkaiko berriak, Nafarroakoak eta antierrepresiboak sailkatzeko erabiltzen diren hitz gakoak. Interesgarria? Nire ustetan bai. Herri honetan gauza asko gertatzen ari dira. Horietako asko ez dira medio handietara iristen. Orain da garaia guzti horren berri izateko, esan bezala, http://www.euskalherrian.info helbidean.Galder Gonzalez