Jubilatuak pentsio duinen alde, kalera

Guaixe 2010eko azaroaren 17a

Sasoiak, Nafarroako jubilatu elkarteak deituta kontzentrazioa eginen da gaur, 11:00etan,  Altsasuko azokan. Pentsio duina, izozketarik ez leloa izanen du bilkurak. Sasoiak kontzentrazio horrekin eta udaletan aurkeztu dituen mozioekin hiru eskabide egin nahi ditu. Lehenik 1.200 euroko pentsioa, "adituen esanetan kopuru hori baita pobreziaren muga". Horrekin batera, Sasoiak elkarteak eskatuko du "kalitatezko zerbitzu sozialak bermatuko dituzten aurrekontuak". Horri lotuta, Sasoiak elkarteak aurrekontuetan egoitza publikoak eta etxeko osasun asistentzia kontua hartzeko ere eskatu dute. Azkenik, kalitatezko osasun publikoaren alde agertu dira Nafarroako Jubilatu elkartetik, "bigarrenez ordain ez dezagun gure zerga eta kotizazioekin jada ordaindu duguna". Sakanan sortu berri den elkartea da Sasoia, nahiz eta Iruñerrian bi urte daraman lanean. Bi asanblada mota egiten dituzte: herrietakoa eta ibarrekoa. Hilero biltzen dira gutxi gorabehera eta bilkura horietan jubilatu eta pentsionistoi dagozkigun arazoez hitz egiten dute, baita Euskal Herriari dagozkienez ere. Aurretik hitzaldia antolatuta du.