Ariketa egitea guztion eskubidea delako

Guaixe 2010eko azaroaren 17a

Minusbaliotasun fisiko eta organikoa duten pertsonen osasuna hobetzeko ekintza fisiko espezifikoa antolatu du Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, AFINA (Asociacion de Fibromialgia de Navarra) elkartearen laguntzarekin. Helburua fibromialgia, neke kronikoa, parkinsona, diabetesa eta halako gaixotasunak dituzten sakandarrei eta istripuen edo iktusen ondorioz min hartuta edo arazoekin dabiltzanei haien osasuna hobetzeko ekintza fisikoa eskaintzea da. Javier Beloki fisioterapeuta etxarriarra izango da monitorea. Asteartean aurkeztu zuten egitasmoa Sakanako Mankomunitateko kirol batzordeko lehendakari Ruben Goñik, kirol teknikari Nerea Martinezek eta AFINAko lehendakari Jokin Espinazok eta idazkari Asun Erizek. Ruben Goñik azaldu zuenez, ekintza honen helburua gaitz horiek dituzten sakandarrei euren bizi kalitatea hobetzen laguntzea da. Altsasun talde bat lanean aritu zen iaz, AFINAk antolatuta. Esperientzia pilotu bat izan zen eta 11 pertsona aritu ziren eurendako moduko ariketak egiten, balorazio oso positiboarekin. "Altsasuko zinegotzi Juanjo Goikoetxeak taldeari zonaldeko ikuspegia emateko komenientzia aipatu zidan eta ikuspegi hori emango diogu" dio Goñik. Horrela, Irurtzunen talde berria sortzea eta Altsasun taldeak jarraitzea da asmoa, zerbitzua beharrean dauden sakandar guztiei eskaintzeko. Dagoen eskaintza ez da eurendako egokiaAFINAko lehendakari Jokin Espinazok azaldu zuen elkarteak Sakanan azterketa lana egina duela, eta minusbaliotasun fisiko eta organikoa duten pertsonen osasuna hobetzeko ekintza fisiko espezifikoa antolatzearen beharra ikusten dela. "Urte bat baino gehiago eman genuen hitzaldiak ematen eta informatzen eta azkenean proiektu pilotua jarri genuen martxan Altsasun, ariketa fisikoa egiteko taldea" esplikatu du. Emaitza ona izan zen.Espinazok nabarmendu zuen toki administrazioek, udalek eta beste antolatzen dituzten aisialdi ikastaroetan aipatutako gaixotasunak dituztenek ez dutela tokirik. "Asko ikastaroetan hasi egiten dira baina gehienek uzten dute. Datu horiek badauzkagu AFINAn, eta gizarte langileek ere badakizkite pertsona horiek ekintza fisikoa egitea behar dutela, baina ez dutela eskaintzarik. Esaterako, medikuak gomendatu egiten die paseatu behar dutela edo taichi, pilates, yoga... egin behar dutela. Baina eurek ezin dute herrietan eskaintzen den ohiko ikastaroen martxa jarraitu. Beste norabide batean lan egin behar da eurekin: aktibitate fisikoa euren arazora eraman behar da" ondorioztatzen du Espinazok. Hain zuzen ere pertsona hauek muskuluak, artikulazioak eta tendoi puntak landu behar dituzte. Aktibitate fisikoa egiten ez duten pertsonek muskulua galtzen dute eta aktibitatea ez egitean odola ere ez da behar bezala tendoi puntetara heltzen. Horrekin batera, mugitzen ez diren artikulazioak zimeldu egiten dira. "Pertsona hauek gehienetan mina izaten dute, minaren sentsazio hori. Ezin dira ohiko ikastaroetan hasi minak paralizatzen dituelako. Horregatik, erakutsi behar zaie muskuluetan masajea eginez gero, muskulua berotuko dela eta horrek odol-fluxua laguntzen duela, eta euren egoerari egokitutako aktibitate fisikoa egiten badute, onurak besterik ez dituztela izango" ondorioztatu du Espinazok. Emaitza onak dituen aktibitate fisikoaAFINAk 12 urte daramatza gaixotasun horiek dituzten pertsonei eurek behar duten aktibitate fisiko espezifikoa eskaintzen, eta urteetan landu eta ikerkuntzen ondorioz hobetutako aktibitate horrek emaitza ezin hobea du, emaitza objektiboa, Osasunbideak berak euren lana errekonozitzen baitu. "Erreumatologiatik eta beste gaixoak bideratzen dizkigute. Emaitza onak ditugun seinale" aipatzen du Espinazok. Argi dute "inportanteena pertsona" dela. "Pertsona hauek aktibitate fisiko konkretua behar dute euren bizi kalitatea hobetzeko. Taichia modu konkretu batean erakusten diegu, esaterako, errainaldea edo "zona sacra" delakoan duten mina kentzen laguntzen diegu, gero euren egunerokotasunean paseoa egitera joan daitezen...". AFINAtik argi dute pertsona hauek ezin direla udal eta entitateek antolatutako jardueretatik kanpo gelditu, asko direlako. Sakanan fibromialgia eta neke kronikoa duten 100 pertsona baino gehiago daude, gainontzeko gaixotasunak edo egoera pertsonalak kontuan hartu gabe. Horregatik Sakanako Mankomunitateko kirol zerbitzutik jaso duten erantzun positiboa eskertu nahi izan dute. "Errealitate honen aurrean sentsibilizazioa eta inplikazioa erakutsi du kirol zerbitzuak eta ekintza fisikoa eskaintzeagatik oso eskertuta gaude" aipatu dute AFINAko ordezkariek. Animatzeko deiaHalako egoeran dauden sakandarrei animatzeko deia egin diete antolatzaileek. "Dei dezatela, informazioa jasotzeko besterik ez bada ere" diote. Izan ere, Javier Beloki fisioterapeuta etxarriarrak baloratuko du pertsona bakoitzari eskaintzen den aktibitate fisikoa komeni zaion ala ez. Saio bakoitzean ordu bat aktibitate fisikoari eskaintzen zaio eta ordu erdia erlaxazioa lantzeari, eta badago aukera ere soilik norbanakoari ongi joan ahal zaion alorra lantzea, hau da, ariketa edo erlaxazioa. "Hoberena animatzea eta probatzea da. Hiru hiletik egoera ebaluatzen dugu eta beharrezkoak diren aldaketak egiten ditugu" diote AFINAkoek.Bi talde, Irurtzunen eta AltsasunBi talde sortu nahi dira, bata Irurtzunen eta beste Altsasun. Irurtzungo taldea astelehenetan eta ostegunetan ariko litzateke, 18:30etik 20:00etara, Kultur Etxean, eta Altsasuko taldea astelehenetan eta ostegunetan, 16:30etik 18:00etara, Mojen gimnasioan. Prezioa izena ematen dutenen araberakoa eta beste izango da. Norendako?Ondoko gaixotasunak dituztenendako: fibromialgia, neke kronikoa, parkinsona, esklerosia, diabetesa... Horretaz gain, iktusa edo istripuen ondorioz zonalde batzuk minduta dituztenendako, Izena ematea azaroaren 22ra arteAipatu ikastaroan izena eman nahi dutenek Mankomunitateko Kirol Zerbitzura hots egin beharko dute (948 464 866 telefonoa) azaroaren 22a baino lehen. Asmoa lehenbailehen hastea da.