Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igandean, azaroaren 21ean jokatuko da Sakanako X. Herri Lasterketa-Burundesa Sari Nagusia. Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak antolatu du proba, Dantzaleku-Sakana klubaren laguntzarekin eta Urdiain eta Ziordiko udalen eta Urdiaingo Aitziber eta Ziordiko Errekakartea elkarteen laguntzarekin eta hainbat babeslerekin batera. Asteartean aurkeztu zuten herri lasterketa Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuko teknikari Amaia Gerrikagoitiak, Mankomunitateko Kirol Batzordeko buru Ruben Goñik, Urdiaingo zinegotzi Eduardo Olaitzek, Ziordiko zinegotzi Fernando Fustek, eta Errekakartea elkarteko Mila Fustek. Hasteko, txikienen probak ZiordianUrdiainen hasi eta Ziordian bukatuko da Sakanako X. Herri Lasterketako proba nagusia, 8,5 km-koa, Altsasu eta Olazti pasa eta gero. Lasterketa 12:00etan abiatuko da Urdiainen, baina ordu bat lehenago, 11:00etan, kategoria txikikoen probak izanen dira Ziordian. 11:00etan benjaminen txanda izango da, 11:05ean kimuak ariko dira, 11:15ean haurrak eta 11:25ean kadeteak. Kategoria txikietan sailkatutako lehen hiru korrikalariek domina jasoko dute, 11:30ean, eta indarrak berreskuratzeko guztiendako patata tortilla ogitartekoa eta zukua egongo da.HelburuakSakanako IX. Herri Lasterketak alde batetik helburu kulturala du, kasu honetan Urdiain, Olazti, Altsasu eta Ziordia herriak eta bertako txokoak ezagutaraztea. Bestalde, atletismoa bulkatu nahi du. Sakanan korrikalari asko daude, eta hainbat proba antolatzen dira, tartean Mankomunitateak antolatutakoa. Proba guzti horietan parte-hartzea bulkatzeko jaio zen ere Sakanako Atletismo Kopa. Eta aipagarria da Behobia-Donostian ere 121 korrikalari sakandar aritzea, horietatik asko emakumeak. Bukatzeko, proba honek ere euskara bulkatu nahi du, megafoniatik esaten direnak, kartelak eta beste euskaraz izanen baitira. Igandean bertan eman daiteke izenaTxikien mailan 100 korrikalari eta helduenean 150 espero ditu antolakuntzak, eta parte-hartzea eguraldiak baldintzatzen duela gauza jakina da. Antolatzaileek proban aritzera animatu dituzte sakandarrak, baita Behobia-Donostian aritu ziren 221 sakandarrak ere, etxeko lasterketan aritzea polita delako eta Behobian 20 km egin ondoren igandeko 8,5 kilometroak ezer gutxi direlako. Herri Lasterketan parte hartu nahi dutenek, haurrek eta helduek, igandean bertan eman dezakete izena Ziordiako udaletxean, goizeko 10:00etatik 11:00etara. Helduek 10 euro ordaindu beharko dituzte eta kategoria txikikoendako parte-hartzea dohainik da. Askok dagoeneko izena emana dute www.sakana-mank.com web gunearen bidez. Proba nagusian parte hartuko duten korrikalariek autoa Ziordian utzi eta antolakuntzak autobusez eramanen ditu Urdiaingo irteerara, goizeko 11:00etan. Lasterketako zerbitzu medikua DYAren esku egonen da. Dutxa zerbitzua egonen da Ziordian, eta lasterketa bukatu eta gero, 13:30ean, korrikalari guztiendako auzatea eta sari ematea izanen da Ziordiko Errekakartea elkartean. Informazio gehiago Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan jaso daiteke (948 46 48 66 telefonoa). Probak 5.400 euroko aurrekontua du, eta antolakuntzak gogoz eskertu du babesle guztiek emandako laguntza. Bestalde, korrikalariei aurretik mediku azterketa bat egitea gomendatu die antolakuntzak. Bere partetik, Ziordia eta Urdiaingo udalek korrikalarien eta ikusleen parte-hartzea eskertu eta euren herrietan ongi pasatzeko deia egin dute.Sakanako Atletismo Koparako baliagarriaSakanako X. Herri Lasterketa Sakanako V. Atletismo Kopa-Lasa Kirolak sarirako baliagarria da. Bakaiku-Iturmendiko Aitzkozar eta Ergoienako Bira lasterketak jokatu eta gero, gizonezkoetan Raul Audikana da lehena, Israel Arbizu bigarrena, David Trevejo hirugarrena eta Antton Zelaia laugarrena, eta emakumezkoetan Jone Pelaez doa buruan, Marisa Maiza, Jaione Astiz eta Edurne Razkinen aurretik. Sakanako lasterketaz gain, Altsasuko San Silvestreak erabakiko du Kopa. Sari potoloak eta zozketa ugariProba nagusian ariko diren korrikalariek kamiseta jasoko dute opari, eta bestalde parte hartzaile guztien artean bi pertsonarendako hiru afari zozketatuko dira Ziordiko Urbasa jatetxean. Sakandarrendako sariak. Korrikalari sakandarren parte-hartzea bulkatzeko antolakuntzak sari ederrak prestatu ditu. Lehen sakandarrendako sariez gain, Sakanako parte hartzaileen artean bi afari zozketatuko dira Etxarri Aranazko Iturri Eder jatetxean. Horretaz gain, proba barruan herrien arteko lehia antolatu du Mankomunitateak. Lehiaketa burutu ahal izateko gutxienez Sakanako hiru herritan hiruna korrikalari izan beharko dira. Herri bakoitzeko lehen hiru korrikalarien denbora batuaz, denbora onena egiten duen herriak irabaziko du saria: hiru afari bi pertsonarendako Urdiaingo Kaluxa jatetxean. Probako sariak-Lehen sailkatutakoek (Emakumezko / Gizonezkoek): 200 euro + trofeoa-Bigarren sailkatutakoek (E/G): 100 euro + trofeoa-Hirugarren sailkatutakoek (E/G): 50 euro + trofeoa-Lehen jubenilak (E/G): trofeoa + gazta-Beteranoak: 35- 49 urteen arteko lehenengoek (E/G): trofeoa50-59 urteen arteko lehenengoek (E/G): trofeoa60 urtetik goragoko lehenengoek (E/G): trofeoa-Lehen sakandarrak (E/G): 60 euro-Bigarren sakandarrak (E/G): 40 euro-Hirugarren sakandarrak (E/G): 20 euro