Hitzetik ekintzetara pasatzeko garaia

Guaixe 2010eko azaroaren 18a

Asteazkenean Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzordeak Nafarroako Gobernuari eskatu zion urtea despeditu aurretik Josefina Arregi zentro psikogeriatrikoko 21 oheak kontzertatu ditzala. Bigarren aldia da aurten batzorde berak eskaera bera egiten diona Gobernuari. Aurrenekoan aho batez onartu zen eskaera. Oraingo honetan, berriz, UPN abstenitu egin zen eta gainontzeko talde guztiek alde egin zuten. NaBaik aurkeztutako idatzizko bigarren puntua aho batez onartu zen. Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatu dio zentroarekin harremanetan jartzeko eta bideragarritasun plan bat adosteko. Gaur despeditu da Nafarroako aurrekontuei zuzenketak aurkezteko epea. Jakin izan dugunez, zentroko ohe guztiak eta kanpo kontsultak kontzertatzeko bi zuzenketa aurkeztu ditu NaBaik. Pentsatzekoa da beste taldeek ere antzerako eginen dutela. Osasun Batzordean onartutakoa aurrekontuetan isla izateko garaia heldu zaie taldeei.