Euskaltel Euskadik UCI Pro Tour mailan jarraituko du

Guaixe 2010eko azaroaren 22a

Astelehenean jaso zuen Euskaltel-Euskadi txirrindularitza taldeak berri ona: hurrengo denboraldian, 2011n, UCI Pro Tour mailan jarraituko du talde laranjak. Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak, UCIk, aurretik zehaztua zuen UCI Pro Tour mailako zein 15 taldek jasoko zuten lizentzia, baina beste bost taldeen artean hiru lizentzia eman behar zituen UCIk, eta Euskaltel, Ag2r, Quick Step hautatu ditu. Aipagarria da Sastre eta Menchov-en Geox eta Cofidis maila profesional kontinentalean aritu beharko dira, Rural Kutxa bezala. Berriak lasaitasuna eta poza sortu du talde laranjan, eta hurrengo denboraldiko egutegia hobe planifikatzeko aukera emango du horrek. Jakina denez, Euskaltel-Euskadi taldeko 23 txirrindulariak Derioko Laia hotelean daude kontzentratuta eta hala egongo dira asteazkenera arte, hurrengo denboraldia martxan jartzeko asmoz. Txirrindulari bakoitzari izango duen egutegia azaltzea da asmoa. Horretaz gain, hitzaldiak, mediku errekonozimenduak, babesleei bisitak eta komunikabideen aurreko agerraldiak eginen dituzte Euskalteleko txirrindulariek. Honen arira, Igor Gonzalez de Galdeano managerrak azaldu du Euskaltel taldea Giroan ariko dela, azken bi urteetan Italiako proba famatuan parte hartu gabe egon eta gero. Igor Anton izango da talde burua, eta bizkaitarraren asmoa Giroan eta Vueltan aurrean egotea izango da. Aldiz, Tourrerako, Samuel Sanchez izango da Euskaltelen apustua. Talde laranjan lau sakandar daude: Egoi Martinez eta Gorka Verdugo etxarriarrak, Pablo Urtasun urdiaindarra eta Jorge Azanza altsasuarra. "Zaila izango da 2011n aurtengo denboraldia hobetzea, inoizko onena izan delako. 17 garaipen lortu ditugu, inoiz baino gehiago" adierazi zuen Igor Gonzalez de Galdeanok. Erronka handia du Euskaltelek, baina "behingoz, bloke indartsu bat" dutela nabarmendu du managerrak, eta proiektu honek "ilusioa" sortzen duela.