Iskiza Sakanakoak primeran Estatu espainiarreko Taldekako Txapelketan

Guaixe 2010eko azaroaren 25a

Iskiza Sakana taldeko entrenatzaileak oso kontentu daude Estatu espainiarreko Taldekako Gimnasia Erritmiko Txapelketan gimnasta sakandarrek egindako lanarekin. Txapelketa Valladoliden jokatu zen, asteburuan, eta Iskiza Sakanak bi talde eraman zituen, kimuen mailakoa eta haurren mailakoa. Kimuen taldean Ainhoa Imaz, Ainhoa Lizarraga, Alaitz Solozabal, Igone Augusto, Irantzu Berasategi eta Nahia Elorza aritu ziren, eta aparatu lana egin zuten, 5 pilotekin. Haurren taldea, aldiz, Amaia Zubikoak, Cristina Nunciok, Leire Bujandak, Nerea Llamasek, Olaia Agirrek, Olaia Granizok eta Zuriñe Argüellesek osatu zuten. Aparatu lana egin zuten, 5 sokekin. Txapelketako maila oso altua da eta aurten, gainera, talde asko aurkeztu ziren, Autonomia txapelketetan aritzen diren talde guztiak aurkeztu ahal izan zirelako. Gutxi gorabehera maila bakoitzeko 60 talde zeuden. Iskiza Sakana taldekoak txukun aritu ziren. "Primeran aritu ziren eta horregatik oso pozik gaude. Inoiz baino hobeto aritu ziren tapiz gainean, ez zitzaizkigun aparatuak erori eta ariketa guztiak ongi atera ziren" azaldu dute Iskiza Sakana taldeko entrenatzaileak. "Egindakoa lorpen ikaragarria da. Kimuak 19.ak sailkatu ziren, taularen lehen laurdenean, eta haurrak 34.ak, taularen erdian. Gainera, kimuak Nafarroako lehenak izan ziren Valladoliden. Hau aurrerapauso handia da guretako, eta Nafarroako Gimnasia Erritmikoko Federazioak ere zoriondu gaitu lortutako emaitzengatik eta egiten ari garen lanarengatik" gaineratu dute klubeko arduradunak. Txapelketak asteburu osoa iraun zuenez, Valladolid hiria bisitatzeko aukera izan zuten gimnastek. Oso ongi pasatu zuten eta bidaia ederra egin zuten.