Mankomunitateak sustatuta basolanen enplegu tailerra eginen da 2011n

Guaixe 2010eko azaroaren 25a

Asteazkeneko bilkuran onartu zuen Sakanako Mankomunitateak basolanen enplegu tailerra eskaintzea. Haren bidez 15 sakandar baso lanetarako trebatu nahi dira. Lan hauek egiten ikasiko dute: basoak garbitu eta sasiak kentzea, zuhaitzak eta basoak kimatzea, argitzeak eta itxiturak egiteaz edota berde guneak mantentzea. Tailerra 25 urtetik gorako langabetuei zuzenduta egonen da eta lan aukera berrietarako ateak zabaldu nahi zaizkie horrela. Tailerra, gutxi gorabehera, maiatza eta lastaila bitartean eginen da. 800 orduko prestakuntza teknikoa jasoko lukete ikasleek eta,gainontzeko 100 ordutan, prestakuntza osagarria. Haiekin bi arduradun ariko dira. Tailerrak 206.356,14 euroko aurrekontua du. Mankomunitateak 45.399,24 euro jarriko ditu (%22) eta gainontzekoa Nafarroako Enplegu Zerbitzuak. Tasak Bilkura berean Sakanako Mankomunitateak heldu den urteko tasak onartu zituen. Nafarroako kontsumo prezioen indizea %2,1 igoko dela kontuan hartuz, Mankomunitateak tasak horren erdia igotzea erabaki zuen, hau da, %1. Hondakinen bilketari aplikatuko zaio igoera hori. Baina ez zabortegira zuzenean hondakinak eramaten dituzten enpresei.