Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nesken Sakanako V. Pala Txapelketak zapore oso gozoa utzi du. Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak Etxarri Aranazko Gure Piloeta klubaren laguntzarekin eta Etxarri Aranazko eta Uharte Arakilgo udalen babesarekin antolatutako txapelketa goi mailakoa izan da. Guztira 22 emakumezko bikote aritu dira lehian, hiru kategoriatan banatuta: kadeteak (5 bikote), helduen bigarren maila (12 bikote, 2 multzotan banatuta) eta helduen lehen maila (5 bikote). Horretaz gain, eta paraleloki, haurren mailako txapelketa jokatu da. Bost jardunaldiko ligaxka jokatu eta gero, multzo bakoitzeko bi talde onenek finala jokatu zuten larunbatean Etxarri Aranatzen. Ikusleek goi mailako partidetaz gozatzeko aukera izan zuten. Kadeteetan Amaiur-Enara eta Itsasne-Maria arteko lehia oso estua izan zen, eta bukaeran lehenengoak nagusitu ziren bi tanto eskasen aldearekin. Bigarren mailan Ierak eta Saioa Aristorena etxarriarrak Estitxu-Rebeka gogor estutu zituzten, eta 22-30 gailendu ziren. Bukatzeko, lehen mailako finala ikusgarria izan zen. Elite mailako palisten arteko lehia izan zen, tartean baitzegoen Maite Ruiz de Larramendi, Paueko mundialetan munduko pilotari onena izendatu dutena. Maitek Yanira Aristorena etxarriarraren laguntza izan zuen aurreko koadroetan, goi mailan dabiltzan Susana eta Amaiaren kontra aritzeko. Ongi aritu ziren bi bikoak, baina finago Susana eta Amaia. Azken txanpan aurrea hartu zuten eta nahiz eta Maitek eta Yanirak partida galdutzat ez eman, 30-23 gailendu ziren Susana eta Amaia. Aipatzekoa da aurretik haurren mailako bi final jokatu zirela. Etorkizun ona du emakumeen palak. Irabazleek txapela jaso zuten sari, eta baita gaztak eta Donostiako La Perla talasoterapiako sarrerak ere. Finalistek oroigarri ederra jaso zuten. Bukatzeko palista guztiak bazkari ederrean bildu ziren. FinalakHaurren B maila: Aiora-Ane 18 / Ainhoa-Izar 25Haurren A maila: Andrea-Alaitz 25 / Ariane-Adriana 20Kadeteak: Amaiur-Enara 30 / Itsasne-Maria 28Bigarren maila: Estitxu-Rebeka 22 / Iera-Saioa 30Lehen maila: Susana-Amaia 30 / Yanira-Maite 23