Punto de Vistako dokumentalak Sakanan

Guaixe 2010eko abenduaren 1a

Abenduaren 10ean, ostiralean, 21:45ean eta 12an, igandean, 20:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean, eta 12an, igandean 19:30ean, Etxarri Aranazko kultur etxean.Heldu den asteburuan Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiko dokumental saritua ikusteko aukera hirukoitza izanen dugu Sakanan. Sweetgrass Lucien Castaing-Taylor eta Ilisa Barbashen filma da. Mendebalde urrunari eskainitako elegia da. Sentimentalismoak alde batera utzita, udan artaldeak Montanako Absaroka-Beartooth mendietara igotzen dituzten azken artzainen bizimodua erakusten du. Iruzkinik egin gabe, edertasun harrigarriko film honek natura eta kultura, animaliak eta gizakia, klima eta paisaia, ahultasuna eta indarkeria estu-estu lotuta dituen mundurako leihoa irekitzen du. Produkzio frantziar, estatu batuar eta britainiarra da. Ikuslegoaren saria jaso zuen 2010 Punto de Vista jaialdian.