Hiru gazta munduko lehiaketako podiumera igo dira

Guaixe 2010eko azaroaren 30a

Izurdiagako Javier Ezkurra Eskisabelek urrezko domina lortu du. Uharte Arakilgo Javier Martiarenak eta Unanuko Balda-Artola y otros gaztandegiak, berriz, brontzezko domina bana eskuratu dute. Birminganen ospatu den Munduko Gazten Lehiaketan lortu dituzte sariak Sakanako hiru artzainek. Idiazabal jatorri izendapeneko gaztagileek beste 38 domina eskuratu dituzte.Lehiaketara aurten 29 herrialdeetako 2.629 gazta aurkeztu dira. Jatorri izendapenetik nabarmendu dute parte hartze kopuru horrek "garrantzi handiagoa" eman diela sariei. Jatorri izendapenak gaztandegiak "bihotzez zoriondu eta eskertu" ditu. Jatorri izendapenaren "prestigioa eta izen ona zabaltzen laguntzeagatik" poza adierazi du, "estatuko eta nazioarteko dastatzaile batzordeek onenen artean jartzen dituztelako".  Horrekin batera jatorri izendapenak gure artzainen ahalegina, ilusioa eta lan ona kanpoan ere aitortzen dela nabarmendu du. Gaztandegi sarituek euren dominak abenduaren 15ean jasoko dituzte Bilbon Idiazabal jatorri izendapenak egindako ekitaldi batean.