Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
"Bizi dugun larritasun egoera honetan, osa dezagun Larritasun-Mahaia". Ondorio nagusi hori atera zuten larunbatean Etxarri Aranazko kultur etxean bildu ziren 40 pertsonek. Larritasun Mahaia osatzeko aurki sindikatu, gazte alorreko eragile, talde feminista, udalak, mankomunitatea, pentsiodunak langabetuak guraso elkarte, enpresari eta abarrengana joko du Abian plataformak. Guztien artean egoeraren analisia eginen litzateke. Dokumentu hori gero gizarteratu nahiko luke plataformak eta, azkenik, egungo egoera ez errepikatzeko bideak jorratu eta landu nahi lituzke Abian-ek. IntegralaAbian-en batzarrean bildu ziren sakandarrendako "gaur egun egoera larria da eta okerrera jo dezake". Sakandarrek eurendako nahi duten etorkizunerako oinarriak jarri behar direla aldarrikatu zuten larunbatean. Baina ibarraren egoera aztertzerakoan ez ziren lan mundura soilik mugatu. Langabezia datu, enpresen itxiera, enplegu erregulazio espediente eta langileen eskubide murrizketekin batera beste hainbat arlo izan zituzten kontutan: osasuna (pediatra falta, Josefina Arregi klinika), emakumea (Izargi zentroa), industrialdeak, AHT, goi tentsioko lineak, erraustegia, hezkuntza (Lanbide Heziketa) eta beste. Abian plataformaren asmoa da Sakanak gaur egun bizi duen egoerari "denen arten erantzun integrala ematea". Plataformako kideen ustez Sakanak bizi duen gainbehera ez da krisialdiarekin etorri, aurretik baizik.