"KONDESA ESKU-GURIA".- MILENA AGUS.- Itzultzailea, FERNANDO REY.-CENLIT. DENONARTEAN, 2010"GILTZURRUN-HARRIAK".-MILENA AGUS.- Itzultzailea, FERNANDO REY.-CENLIT. DENONARTEAN, 2010"Zubi foralak", urtero bezala, aurten ere aisialdirako beta ekarriko digunez egun horietarako hiru proposamen luzatu nahi dizuet:Lehenengoa, gure lerroetan ezaguna dugun idazle bizkaitarraren, Irati Jimenezen azkeneko lana "Atsekabe zaitut " . Eleberri motza bezain sakona, atsekabetuko zaituena, irakurle. Beste biak, Milena Agus, idazle italiar gaztearen eleberri motzak hauek ere, goxoak eta magia lurruna darienak."Atsekabe zaitut " eleberriak denok ikusi ezin dugun Bilbora garamatza, ezezaguna zaigun Bilbora, ezkutura, gauekora, katu eta txakur hirira, haiek baitira ikusi dezaketen bakarrak; Katu kalera, atsekabearen karrikara. Iluna, tristea, gogorra.Eme eta Hamar ditugu protagonistak, metamorfosiak katu bihurtu dituenak. Atsekabe Armadako kideak biak. Euren zeregina: atsekabea eragitea. Emek berak, Katu Kaleko fakultatean egin zuen "Atsekabe Zaitut" tesian oinarriturik dago aipatu taldearen filosofia. Soilik atsekabean bizi izanda baloratzen da zoriontasuna, gizaki guztien helburu dena. Katu Kalek norabide bakarra du, atzera bueltarik gabekoa. Norabide horretatik aldentzen denak traizio egiten dio taldeari, eta traidoreak garbitzeko Hamar dago.Fantasiaren bidez gizakiok sentitzen dugun beldurra, atsekabea eta ziurtasun falta adierazi nahi digu Irati Jimenezek, Iraitz Inziarteren ilkustrazioak lagun dituela."Kondesa esku-guria" eta "Gilzturrun-harriak" , Nafarroako Cenlit argitaletxeak nazioarteko obra ezagunak euskaratzeko egitasmo berri honetan, idazle italiarraren bi eleberri atsegin ditugu hauek. Ironiaz beteriko oso tonu goxoan pertsonaien kezkak, bizitzaren zailtasunei aurre egiteko moduaz ari da bietan.Lehendabizikoan, garai batean aberatsa izan zen familia baten bilakaera ikusiko dugu hiru alaben egunerokoan, garai haietan berea zen, baina gaur egun partitu behar izan duten jauregi batean kokaturik. Maitasuna eta maitasun eza, ilusio eta etsipena, edertasun premia, suizidioa... Garai bateko portzelanazko kondesak eta gaur egungo emakumezkoak. Bigarrenean, haurrik izaten uzten ez dioten giltzurrunetan harriak dituen emakumezko baten benetako eta fantasiazko gorabeherak kontatzen dizkigu. Guztiek erotzat hartzen duten protagonista bainu-etxera joango da osatzera eta han Beterano ezagutuko du. Baina, sendatzen al dira gaitz guztiak? Koaderno ezkutu bat izango da narratzailearen amonaren bizitzaren egia lekutuko duena."Emozioak alferrik galdu ez daitezen " idazten duela dio Milena Agusek eta bere liburuak "ezongiaren kontrako pilulak edota eromenaren kontrako babesa" direla dio. Izaskun Etxeberria Zufiaurre