Tratu txarrengatik gizona atxilotuta

Guaixe 2010eko abenduaren 15a

Asteartean Foruzaingoak 29 urteko gizon sakandarra atxilotu zuen, ustez emaztea jotzeagatik. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, emakumeak gertaera salatu zuen eta jasandako lesioen berri ematen zuen mediku txostena aurkeztu zuen. Foruzaingoak gizona atxilotu zuen eta famili esparruko tratu txar delitua leporatu zioten.  Aurreko astean, bestalde, Altsasuko Feministak eta Bilgune Feminista deituta kontzentrazio egin zen Altsasun. 15 pertsona bildu ziren Barakaldon eta Arbonan hildako bi emakumeak gogoan,eta horrela  erailketak salatu nahi izan zituzten. Hitzondo.net-ek azaldu duenez, Foruzainek pankartan zioena itzultzeko eskatu ondoren alde egin zuten (Beste emakume bat eraila. Aski da!). Guardia Zibilek, berriz, pertsona bat identifikatzera behartu zuen. Irurtzunen, bestalde, Eraso sexistarik ez! lelopean 40 pertsona kontzentratu ziren azaroaren 25ean, emakumeen bortizkeriaren aurkako nazioarteko egunean. Irurtzun Euskaraz blogak azaldu duenez bilkura Berdin Taldeak eta udalak deitu zuten. Sexu indarkeria jasaten duten biktimendako aholkuak:- Erasoa gertatzear bada. Ahal izanez gero, berehala Poliziari deitu. Foruzaingoaren larrialdi zenbakia 112 da.- Erasoa gertatuz gero. Konfiantzazko norbaiti kontatu gertatutakoa, eta laguntza eskatu.- Zauriak edukiz gero. Gertuen dagoen osasun etxera joan, gertatutakoa azaldu eta medikuaren txostena eskatu. Txostena oso garrantzitsua da salaketa jartzeko orduan.- Zauriak izan gabe ere. Udaletako gizarte zerbitzuetan laguntza psikologikoa, juridikoa eta ekonomikoa eska dezakete biktimek.- Babesa behar izanez gero. Eskatu babes agindua polizia etxean, auzitegian edo gizarte zerbitzuetan.-Informazio gehiago. Eguneko 24 ordutan eskura dago 016 doako telefono zenbakia, Espainiako Gobernuak biktimen arretarako jarritako telefonoa. Deiak ez du arrastorik uzten telefono fakturan.