HAU BAI, ETA HORI EZ.

Guaixe 2010eko abenduaren 16a

Egunero bezala, mikrofono artean hamar ordu pasa ondoren, etxera goaz ohea hartzeko gogoa baino gelditzen ez zaigularik. Irratia piztu eta "ETB rechaza emitir un concierto de Estricalla alegando «cuestiones políticas»" entzun ahal izan dugu. Kultura ardatz gisa hartzen duen katean ez omen dago aldarrikapenarentzat txokorik.2008ko abendua zen, eta taldearen lehen diskoa kaleratzear zegoen. Lan asko bizkarretan eta abestiak sortzeko denbora gutxi izan zen arren, taldea pozik zegoen emaitzarekin. Estudiotik etxerako bidean pentsatzeari ekin nion. Lanegun gogorra izan zen, baina gauzak kontatzeko gogoa sentitzen nuen. Honetaz hitz egiteko, beste hori salatzeko eta irratian entzundakoa zalantzan jartzeko. Etxera iritsi eta abesti bat idazteari ekin nion. Begitara begira deituko da.Bi urte pasa dira ordutik eta gauzak nahikotxo aldatu dira. Begitara begira ez da oraindik kaleratua izan, baina nik egunero idazten dut eta egunero konposatzen dut. Egunak dituen 24 horietatik gehienak musikari eskaintzen dizkiot. Esperientzia ahaztezina bizi izan dut azken urteotan. Jende asko ezagutu, gauza asko bizi eta, nola ez, asko ikusi eta asko ikasi dut. Negu gorria omen dator, eta hotzak gogor astintzen gaitu jada. Goizean goiz entzuten da Luisilloren furgoneta etxe parean, indarrak hartu eta grabaketa estudiorantz goaz. Biok dakigu ez garela ilundu arte itzuliko. Iker Piedrafita prest dugu jada (Estudioko teknikaria eta bigarren disko honen ekoizlea), eta gainontzeko taldekideak heltzear daude. Dena prestatu eta lanari ekin diogu indar osoz. Egunero bezala, mikrofono artean hamar ordu pasa ondoren, etxera goaz ohea hartzeko gogoa baino gelditzen ez zaigularik. Irratia piztu eta "ETB rechaza emitir un concierto de Estricalla alegando «cuestiones políticas»" entzun ahal izan dugu.Espresio artistikoak eta honek dakarren lana eta esfortzuak kultura izateari uzten omen dio batzuen eskuetan. Kultura izateari uzten dio pertsona horrek sentitzen duena arte horrek adierazten duenarekin bat ez badator.Pello Reparaz