Sakanako herri kirol egun beroa Urdiainen

Guaixe 2010eko abenduaren 15a

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak urte bukaera aldera egin ohi duen bezala, Sakanako Herri Kirol eguna prestatu zuen igandean. Aurten Urdiainek hartu zuen ekitaldia, eta eguzkiak festan egon nahi izan zuenez, herri kirol eguna Urdiaingo plazan egin zen. Mankomunitateak Udalaren eta Nafarroako Kirol Institutuaren laguntza izan du ekitaldia antolatzeko orduan. Ekitaldi polita eta aldi berean hunkigarria izan zen, Urdiaingo Arkutzan bizi zen Joxemari Mendizabal aizkolari adunarra omendu baitzuten. Martxoaren 28an bihotzekoak jota hil zen Mendizabal, Olasagastiren kontrako apustua galdu eta gero etxera bidean autoan zihoala. Horregatik, Sakanako herri kirol eguna hasi baino lehenago Urdiaingo plazan bildutakoek Mendizabal izan zuten gogoan. Jaialdian parte hartu zuten aizkolari, harrijasotzaile, trontzalari eta laguntzaileek desfilea egin zuten, eta bildutakoek Mendizabalen aldeko minutu bateko isilunea eta gero, dantzari batek aurreskua dantzatu zien haren senitartekoei, eta ondoren oroigarriak jaso zituzten: aurreskua, lore sorta eta plaka. Hortik aurrera hasi zen ikuskizuna, Luis Bengoa aurkezle ezagunak aurkeztutakoa. Sakanako aizkora eta harri jasotze eskolako kirolariak lanean ikusteko aukera izan zen, eta primerako harrobia dugula argi geratu zen. Lehendabizi Sakanako trontzalariak aritu ziren, eta ondoren aizkolarien eta harri jasotzaileen txanda heldu zen. Sakanako eskolakoak, hasi berriak diren aizkolariak, beteranoak eta profesionalak, Floren Nazabal buru zutela, aritu ziren, Mendizabalen omenaldia zelako hurbildu ziren beste aizkolari ezagunekin.  Eguna borobiltzeko, Urdiaingo Aitziber elkartean antolatutako bazkarian bildu ziren kirolariak, baina beste parte-hartzaile batzuk eta Mendizabalen senitartekoek Arbizun egin zuten otordua. Parte hartzaileakAizkolariak: Jaime Gorriti, Iker Gorriti, Juan Jose Erdozia, Goizeder Beltza, Jon Perez de Villarreal, Arkaitz Jauregi, Iñaki Vazquez, Xabier Dorronsoro, Jose Ignazio Flores, Floren Nazabal, Aritz Goñi, Arkaitz Txueka, Mikel Agirre, Josu Agirre, Iban Resano, Daniel Vicente, Iker Vicente, Juanjo Lopez de Azpilikueta, Joxe Aierbe, Jaime Gorriti, Iker Gorriti, Ignazio Arria eta Aguite. Harri jasotzea: Aitor Oiarbide eta Simon O´calaham. Trontza: Joanes Satrustegi-Alain Ansotegi eta Koldo Murgiondo-Iraitz Berastegi.Laguntzaileak: Arza, Juan Mari Nazabal eta Jose Ignazio Flores