Haize Berriak Deleruyelleren musika zabaltzen

Guaixe 2010ko abe. 17a, 00:00

Sakanako Haize Berriak banda Iortia kultur guneko oholtza gainera igoko da asteburuan. Bi protagonista nagusi izanen ditu kontzertuak: Thierry Deleruyelle musikagilea eta Eric Aubier tronpeta bakarlaria. Geroz eta kontzertu deigarriagoak eskaintzen ditu Sakanako bandak, eta gero ikusmira handiagoa sortzen du. Ondorioz, dagoeneko agortuta daude biharko sarrerak. Txartela aldez aurretik hartu ez duenak domekan izanen du aukera.KontzertuazThierry Deleruyellek irabazi zuen 1. Haize Berriak Konposizio Lehiaketa Kadesh obrarekin. Obra hori entzuteko aukera izanen da asteburuan. Frantziako musikagile gaztearen obran sakonduz, banda eta tronpetarendako kontzertu ederra mustuko dute sakandarrek. Eric Aubier tronpeta bakarlaria izanen da obra horretako izarra. Bi obra sinfonikorekin itxiko dute kontzertu ederra. Haize Berriak bandako zuzendari Luis Orduñaren hitzetan, "Deleruyellek musika zinematografikoa eta deigarria egiten du, ikusle guztiendako atsegina".Konpositorea hurbiletikBadira urte batzuk Haize Berriak banda konpositoreak ikusleengana hurbiltzeko ahaleginean murgildu zela. Orain, urrats berria emanen dute eta musikagile bakar baten obrari eskainiko diote kontzertua. 1. Haize Berriak Bandaren Nazioarteko Konposizio Lehiaketan nagusitu zen Thierry Deleruyelle frantziarrarena izanen da ohorea. Argi utzi dute ez dela era horretako azken kontzertua izanen. Datorren urteko abenduan, Otto M. Schwarz handiaren kontzertu monografikoa eskainiko dute Pentaphonia Brass boskote handiarekin batera.Tronpeta ikastaroaGoi mailako tronpeta bakarlaria izanen du lagun asteburuan Haize Berriak Bandak, Eric Aubier tronpeta jolea. Maila horretako musikariari zukua atera nahi izan dio Haize Berriak bandak. Horregatik, kontzertua ez ezik, Nazioarteko Tronpeta Ikastaroa antolatu dute astebururako. Nafarroako eta ondoko herrialdeetako zenbait ikaslek eman dute izena.Thierry Deleruyelle konpositoreaPerkusioa, Armonia, Kontrapuntua, Fuga eta Forman diplomatua Parisko Goi Zikloko Musika Kontserbatorioan. Perkusio jolea da zenbait banda eta orkestretan. Irakaslea eta konpositorea. Denetariko obrak konposatu ditu, bakarlari, banda nahiz orkestrendako. Horietako batzuk sarituak izan dira, esaterako, Kadesh obrak 1. Haize Berriak Bandarako Konposizio Lehiaketa irabazi zuen.Eric Aubier tronpeta bakarlariaFrantziako tronpeta jolea 14 urte zituela sartu zen Parisko Goi Mailako Kontserbatorioan. Sari andana jaso ditu, Frantzian bertan, nahiz nazioartean. 19 urte zituenetik Parisko Operako Orkestrako tronpeta bakarlaria da. Gaur egun, munduko tronpeta bakarlari ezagunenetakoa da.