Igandean Mendigoizale Eguna Aralarren

Guaixe 2010eko abenduaren 17a

Abenduaren 19an, igandean, Nafarroako Mendigoizaleen Eguna hartuko du Aralarrek, Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak deituta. Aurten, festaren 45. edizioa izanen da eta oraingoan antolakuntzaz Sakanako mendizaleak arduratuko dira.Ohikoa denez, Nafarroako mendi klub guztietako mendizaleek lepo jarriko dute Aralarko santutegia. Asko Uharte Arakilgo bidetik joanen dira, beste batzuk Lizarrustitik, Madotzetik joango direnak ere izanen dira, Lekunberri aldetik... eta abar. Etxarri Aranazko Larrañeta elkarteak goizeko 8:30ean jarri du hitzordua Uharte Arakildik abiatzeko, eta badago Lakuntzatik ordu berean irtengo denik ere. Meza 11:30ean eta auzateaBehin Aralarko santutegira helduta, ospakizunei 11:30ean emango zaie hasiera, mendizaleen mezarekin. Nahi duten mendizaleek euren mendi materiala aldarean jartzeko aukera izanen dute, Aralarko kaperau Mikel Gartziandia apaizak bedeinka dezan, eta mendizaleek eskaintza eginen diote santutegiko Mikel Aingeruari. Falta diren mendizaleak gogoratuko dituzte bertan. Jakina, Aralarko Mikel Goiaingeruari musu emateko aukera izango dute denek. Mezaren ostean, Aralarrera hurbildutako mendizaleek bapo gosaltzeko aukera izanen dute, auzate ederra izanen baita aterpean, aurten sakandarrek prestatutakoa, eta ez da faltako gogoz eskertzen den salda beroa. Giro paregabea izaten da egun horretan, eta Aralarko santutegira igotzea merezi du. Aralarko Mikel Aingeruaren Kofradiak ekitaldira hurbiltzera animatu ditu sakandarrak.Aipatzekoa da 12:30ean igandeetako ohiko meza elizkizuna izanen dela ere Aralarren, eta, jakina denez, Aralarko santutegiko taberna eta jatetxea zabalik egongo da.