Legalizazioaren alde mobilizatzera deitu du ezker abertzaleak

Guaixe 2010eko abenduaren 16a

Sakanako ezker abertzaleak "legalizazioaren borroka irabazteko eta euskal gizarteak askatasun demokratikoen bidean beste urrats bat eman dezan" mobilizaziora deitu ditu sakandarrak. Ezker abertzaleak gogora ekarri duenez, "10 urte pasatu dira alderdien lege antidemokratikoaren ondorioz euskal gizartearen atal baten eskubide zibil eta politikoak deuseztatu zirela". Ezker abertzaleko kideen iritziz "Eskubide zibil eta politikoen defentsa bere burua demokratatzat duen orok egin beharko lukeen ariketa bat da". Sakanako ezker abertzaleak adierazi du "denon eskubide  horien defentsa" hori egitea "urjenteagoa bilakatzen da Euskal Herrian ziklo politiko berri bat zabaltzeko ahaleginetan gauden honetan". Sakanako ezker abertzaleko kideek azaldu dutenez, "ukazio garaia gainditu eta askatasun demokratikoen garaira salto egiteko tenorea da". Hori lortzeko euskal gizartea mobilizazio eta atxikimendu bidez bulkatzeko deia egin du Sakana ezker abertzaleak eta, beraz, biharko  manifestazioan parte hartzera deitu du.