Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igandean txuri zegoen Aralar baina eguzkiak giroa goxatu zuen, eta botak jantzi eta mendira igotzeko aitzakia ederra eskaini zuen Mendigoizaleen Egunak. Aurten festaren 45. edizioa izan zen eta mendizaleek bide ezberdinak hartu zituzten - Madotz, Baraibar, Iribas, Guardetxe, Lakuntza, Uharte Arakil... - baina helmuga berberarekin: Aralarko San Migel santutegia. Primerako mendi ibilbidearen ondoren, mendizaleen aldeko elizkizuna, auzate ederra, aspaldiko lagunekin elkartu eta festa giroarekin ongi pasatzea zen asmoa. 1964. urtean hiru mendizale nafar hil ziren mendian, eta hurrengo urtean San Migelen ekitaldi oso jendetsua egin zen haien omenez. Hurrengo urtean zita errepikatu zen, errotu zen, eta gaur egunera arte heldu da, mendizaleen oroimeneko ekitaldi eta anaitasun ekitaldi moduan. Izan ere, mendizaleen topagunea den festa honetan, zendutako mendizaleak ezin baitira ahaztu. Goiz iritsi ziren mendizaleak Aralarrera. Aurreko urtera arte Aralarko kaperaua zen eta egun Iruñeko Seminarioko erretore zuzendaria den Mikel Larranbeberek eman zuen mendizaleen meza, santutegiaren laguntzaile izaten jarraitzen baitu. Joandako mendizaleak izan zituen gogoan, eta, nola ez, mendizaleek aldarean jarritako mendi materiala bedeinkatu zuen. Horretaz gain, mendi klubek eskaintza egin zioten Mikel Goiaingeruari. Meza jendetsuaren bukaeran, mendizaleek eta Aralarren bildutakoek Aralarko Mikel Goiaingeruari musu emateko aukera izan zuten. Auzatea sakandarren eskuOndoren auzatearen ordua izan zen. Aurten Sakanako Mendigoizaleak taldeak izan zuen hamaiketakoa prestatzeko ardura. Jakina, txistorrak ez zuen huts egin, eta horretaz gain urdaiazpikoa, gazta, txorizoa, fruitu lehorrak, pastak eta beste dastatzeko aukera egon zen, ardo eta freskagarriekin lagunduta. Auzatea aspaldiko mendizaleekin elkartzeko aukera ederra izan zen, eta trikitilarien doinuak segiz, dantzatzera eta kantatzera animatu zenik izan zen. Sakanako Mendigoizaleek pentsatzen zuten 1.000 mendizale inguruk hartu zutela parte festan. 10 autobus zeuden aparkatuta santutegian, auto askorekin batera. Eta auto asko zeuden ere Guardetxen, Uharte Arakilen eta beste. Nafarroako Mendi Federazioko buru Txema Iriartek ez zuen festan huts egin. Berak azaldu zuenez, Nafarroako mendizaletasuneko festarik inportanteenetakoa da Mendigoizaleen Eguna. Egun 7.750 mendizale daude federatuta Nafarroan, urtetik urtera gora doan kopurua, eta 70 mendi klub daude Nafarroan.