Ikatza egiten urte guztia eman eta gero, gaur ikazkina gure artean ibiliko da. Horregatik, ibarraren luze zabalean harrera beroak prestatu zaizkio Olentzerori. Irurtzun 18:30ean iritsiko da ikazkina Irurtzungo Plazaolako zubira. Iskidiko pertsonaia mitologikoek Olentzero azkeneko jentila zela gogoratuko dute, antzezlan txiki baten bidez ikazkinaren istorioa azalduz. Segidan, Iskidiko joaldunei jarraiki, herrian sartuko da Olentzero, Orritz dantza taldekoak alboan dituela harrera egiteko prest. Iratxo elkartearen atean gutunak irakurri, eta kalejiran zeharkatuko dute herria. Gaita, txistu, trikitixa eta akordeoi doinu alaiak eta abesbatzako ahots goxoak lagun izanen dituzte bidean, eta Irurtzungo abesbatzako kideek ere Olentzerorekin kantatuko dute. Herrian barna geldialdiak egin eta Orritz taldeko txikitxoak dantzatuko dute. Herrian barna nahiko abestu eta dantzatu ondoren, plazan agurtuko dute Olentzero, Orritzeko haurren dantzaldiarekin. Olentzerok gozokiak eta gaztaina erreak banatuko ditu. EtxeberriAurreko larunbatean etorri zen ikazkina Arakilgo herrira eta herritar guztiek, haur eta helduek, ongietorri beroa egin zioten. Harrera egin eta gero elkartean bildu ziren denak, eta Olentzerok haur eta helduen gutunak jaso zituen, eta litxarreriak eta gozokiak banatu zien denei. Festa are gehiago borobiltzeko gaztain erreak, txistorra eta panzeta prestatu zituzten etxeberriarrek. Despedida moduan, txalaparta eta txistu doinuak entzun zituen Olentzerok, eta, nola ez, Olentzero eta Gabon kantek ez zuten huts egin. Bukaeran alkateak arkume bat oparitu zion Olentzerori bisita eskertzeko, eta basoko etxera itzuli zen ikazkina, Gabon gauean opariak ekarriko zizkiela hitzeman eta gero. Ondoren, lagun ikustezineko opariak banatu zituzten etxeberriarrek. Urtero moduan bikain pasatu zuten eguna. EtxarrenAtzo arratsaldean eta gaur goizean herriko haurrek marrazkiak eginen dituzte Olentzeroren etorrerako frontoia apaintzeko. Eta gaur Urritzola aldetik etorritako ikazkinari 16:30ean eginen diote harrera Etxarrenen. Olentzero agurtu eta gero, musika lagun, herrian barna ibiliko dira ikazkina eta etxarrendarrak. Ibilbidea pilotalekuan despedituko dute. Han Olentzerok bere opari zakua zabaldu eta etxarrendarren artean banatuko ditu opariak. Auzate ederra izanen da etxarrendarrendako, eta txikienendako ere txokolatea ez da faltako.Satrustegi eta HiriberriSatrustegin eta Hiriberrin elkarrekin ospatuko dute ikazkinaren etorrera. 17:30ean txokolatada prestatu dute Satrustegin, eta eguzkiaren azken izpiekin batera iritsiko da Olentzero bertara, 18:00ak aldera. Satrustegiko kaleetan barna ibili eta gero, 18:30ean eta doinu alaien erritmoan, guztiek Hiriberrirako bidea hartuko dute, Olentzeroren gurdiaren atzetik. Hiriberriko kaleetatik pasa eta gero, Txitera elkarterako bidea hartu, eta bertan prestatutako auzatearekin indarrak bapo berreskuratu eta gero, hurrengo urtera arte agurtuko dute ikazkina.IhabarOlentzero iritsi aurretik, arratsaldeko 16:00etan txokolatea banatuko dute Ihabarren eta indarrak hartu ondoren, arratsaldeko18:30ak aldera harrera beroa egingo diote ikazkinari herriko plazan. Trikitixaren doinuekin ihabardarrek herriari buelta eman eta plazan bukatuko dute ibilbidea. Ikazkinak beregana hurbiltzen direnei opariak emanen dizkie. Egiteko hori bukatu eta gero Andiako bidean jarriko da ikazkina. Ihabarko herritarrak, berriz, kontzejuko sotoan bilduko dira gaztainak eta sagardoa dastatzera.IrañetaEgun batez Andian duen txondorra utzi eta Olentzero 18:00etarako Irañetan izanen da. Irintarrek herri sarreran eginen diote ongi etorria ikazkinari eta kantua lagun herrian barna kalejiran abiatuko dira. Ibilbidea frontoi parean despedituko da. Han Olentzerok berarekin ekarri dituen opariak irintarrei oparituko dizkie. Gurdia hustu ondoren Andiako bidean jarriko da atzera ere Olentzero. Ikazkina agurtu ondoren irintarrek txistorrada ederraz gozatzeko aukera izanen dute. Uharte ArakilUharte Arakilen bitan izanen da ikazkina. Atzo, abenduaren 23an, ostegunarekin, 16:30ean, Iruñeko Sanduzelaitik jende andana hurbildu zen trenean Uharte Arakileraino, eta bertakoekin bildu eta gero, guztiak elkarrekin San Migel aldera joan ziren Olentzero bilatzera. Ikazkina etortzerakoan kalejira ederra egin zuten herritik barna trikitixa eta txistularien doinuak lagunduta, eta dantzak ere ez ziren falta izan. Bukatzeko, txokolatada izan zen. Gaur, goizeko 11:30ean, herriko haur guztiak bildu eta etxez-etxe paskuan amores eskean ibiliko dira. Jasotakoaren trukean gabon kantak abestuko dituzte haurrek. Eta arratsaldeko 18:00ak aldera San Donatotik herrira jaitsiko da Olentzero, eta haren bila joanen dira uhartearrak. Harrera beroa eginen diote herritarrek eta jarraian, musikak alaituta eta joaldunen eta trikitilarien laguntzarekin, buelta emanen diote herriari. Pilotalekuan bukatuko dute ibilbidea eta aurten ekitalditxoa antolatu dute. Bertsolariak, txalaparta, joaldunak... guztien laguntza izango du ikazkinak, eta dantzariek aurreskua eta dantzak eskainiko dizkiote. Bitartean ardo egosi gozoa prest izanen da, bildutakoek dasta dezaten, eta haurrak ilaran jarriko dira, Olentzerori musu handi bat eman eta gozokiak jasotzeko. Aipatu ekitaldi guztiak Galtz Orratz dantza taldeak eta Uharte Arakilgo gurasoek antolatu dituzte. ArruazuItur-gain elkarteko kideak arratsaldeko 6:00ak aldera elkartuko dira Olentzeroren etorrera prestatzeko. Menditik jaitsi eta gero, meza elizkizunen ondoren, 19:30ak aldera ubeldetik azalduko da Olentzero. Ondoren, oinez kantaka herrian barna ibiliko dira arruazuarrak eta gaixo daudenei opari bana emanen zaie. Itur-gain elkartean bukatuko dute ibilaldia eta ikazkinak opariak banatuko dizkie haurrei. Bertaratzen direnendako gaztaina erreak banatuko dituzte.LakuntzaGoizean Biltoki elkartea apainduko da, Olentzerori ongi etorri egiteko. Arratsaldean, 17:30ean hitzordua jarri da ludotekan, eta bertatik baso aldera joko dute bildutakoek, Olentzeroren bila joateko. Olentzero etorrita, Elai-Alai dantza taldeko dantzari, akordeoilari eta fanfarrearekin herriari kalejiran buelta eman, eta geldialdiak eginen dituzte, dantzak eskaintzeko. Bitartean Olentzerok goxokiak banatuko ditu eta haurrekin argazkiak eginen ditu. Plaza parean Lakuntzako abesbatzak ere kantatuko dio ikazkinari, eta gaiteroen doinuak ez dira faltako. Ibilbidea Biltokin amaitzen da. Bertan, gaztainak eta txokolatea banatuko dituzte eta Olentzerok haurrei bere istorioa kontatu eta gero opariak banatuko ditu.Arbizu19.00ak-19:30ak aldera arbizuarrak plazan bilduko dira eta musika lagun Loinaz kalerantz joko dute. Izan ere, Olentzerok Aralar aldetik jaitsi eta trenbidea gurutzatu ondoren Arbizura iristeko ohitura du. Hura agurtu ondoren, Arbizuko Trikitixa Eskolako musikariek jarritako doinuak lagun, Arbizun barna ibiliko dira ikazkina eta hura laguntzera doazen herritarrak. Bidean gaztainak eta gozokiak dastatzeko aukera ere izanen da. Ibilbidea Argi-bidea elkartean bukatuko da. Han Olentzerok txikienei opariak banatuko dizkie.Unanu eta DorraoAndiatik, Leziza aldetik, basoaren hasieran dagoen borda batetik San Pedroko bidean barna etorriko da ikazkina Dorraora, astoa lagun duela. Antortxekin eginen diote ongi etorria. Olentzeroren etorrera 18:00etatik aurrera izango da, eta dorrobarrek harrera beroa eginen diote ikazkinari. Musika eta kantua lagun, herria erakutsiko diote Olentzerori, eta berak gozokiak emanen dizkie haurrei. Ibilbidea elkartean despedituko da eta bertan bildutako guztiendako mokaduren bat izanen da. Baina Olentzerok ezin izanen du luze egon, Unanun zain dutelako. 19:00ak pasata Unanun izanen da ikazkina. Herrian barna kalejiran ariko dira ikazkinak eta unanuarrak kantua ahoan dutela. Ibilbidea elkartean despedituko dute. Bai batean zein bestean ikazkinak txikienen artean goxokiak banatuko ditu. LizarragaBasotik jaitsiko da Olentzero Lizarragatik, antortxa daramatzaten bi laguntzaile alboan dituela. Lizarragatarrek arratsaldeko 18:00ak aldera eginen diote harrera eliza atean. Azi-Iturri elkartean ordurako prest edukiko dute ikazkinarendako gurdia. Gauerako indarrak berreskura ditzan, su bero-berorik ez zaio faltako. Akordeoi eta trikitixa doinuz lagunduta, herriari buelta emanen diote lizarragatarrek, ikazkinaren atzetik. Ohi bezala, gabon kanten artean, etxez etxe eskean ibiliko dira. Jasotako diruarekin ilbeltzaren 5ean, Errege egun bezperean, elkartean afalduko dute. Behin ibilbidea amaituta, atzera ere, Azi-iturri elkartera itzuliko dira. Bidean Olentzerok botatako gozokiak hartu ez dituenak zer dastatu izanen du elkartean, pastak eta beste eskainiko baitira.Etxarri AranatzGoizean goiz hasiko dute eguna Etxarriko haurrek, pazkoan amores eskean. Arratsaldean, 17:00etan, Aldapasoro auzoko azken etxean bilduko dira Olentzeroren ongi etorria prestatzeko. Bertan, txokolate bero-beroa hartu eta gero, txistu eta trikitixa lagun, kantu-kantari Olentzero deituko dute. 17:30ak aldera, Aritzalkoko basotik etorriko da ikazkina, herriko falejoleek eta kintoek lagunduta. Dantza eta kantuekin harrera beroa eginen diote herriko haurrek eta helduek eta, ondoren, kalejiran herria zeharkatuko dute. Ikazkinari Etxarriko karrikak erakutsi eta gero, txistu eta trikitixa doinuak herriko pilotalekuan sartuko dira. Bertan, herritarren harrera beroa eskertzeko, Olentzerok goxokiak eta puxikak banatuko dizkie herriko txikienei.BakaikuBakaikuko gazteek antolatzen dute Olentzeroren festa. Eta ekitaldi berezia da, urtero herriko haur batek egiten baitu Olentzeroren papera. 8-10 urte arteko haur bat aukeratzen dute, eta txandaka haur guztiek betetzen dute paper hori, ilusio handiarekin. Aurten, berrikuntza moduan, 17:00etan txokolatada izango da Bakaikuko elkartean. Ondoren, Zulanpe izeneko txoko batetik iritsiko da Olentzero Bakaikura, Etxarri aldetik, 18:00ak inguruan. Lagun batzuk alboan dituela jaitsiko da herrira eta Santiago plazan ongi etorria egiten diote bakaikuarrek. Olentzeroren kanta abestu eta akordeoien doinuak lagunduta, Olentzero egurrezko plataforma batean dagoen aulkian eseriko da, eta lau bakaikuarrek eramango dute Olentzero herrian barna egiten den kalejiran. Herriko txoko guztiak bisitatuko ditu ikazkinak: Bideberrialde, erdigunea, herriko goiko aldea, plaza, eta ondoren, elizatik behera beheko basoko baserrietan agurtuko dute ikazkin tripa-handia.Trenbidea gurutzatu ondorengo azken baserrietan merendua prestatzen dute bertako bizilagunek bildutako guztiendako, eta eguna are gehiago borobiltzeko herriko elkartera joko dute denek, Gabonetako auzatea antolatzen baita bertan bakaikuar guztiendako. Horretaz gain, saskiak zozketatu eta giro oso polita sortzen da.IturmendiMenditik jaitsi berri, Bakaiku aldetik sartuko da Olentzero Iturmendin. 19:00ak aldera iritsiko da eta sorpresaren bat edo beste ekarriko du. Txistulariekin batera herrian barna kantuan ibiliko dira iturmendiarrak, kalejiran. Txikienek Olentzeroren gozokiak hartzeko aukera ez dute galduko. Herriari buelta eman eta gero, pilotalekuan bilduko dira herritarrak. Bertan, intxaurrak eta ardo egosia izanen du nahi duen orok. Olentzero agurtu aurretik, herriko gazteek eta Biltokiko gaztetxoagoek zarea zozketatuko dute.Urdiain Olentzerori 17:30ean ongi etorri beroa eginen diote Bentalden suziri eta guzti, eta hari lagunduta herrian barna kalejiran ibiliko dira urdiaindarrak, txistulariak lagun. Olentzeroren ondoan, bigarren karroza batean, Ama Birjina, San Jose eta Jesus haurtxoa joanen dira. Kalejiran ohiko geldialdiak eginen dituzte eta haietan ikazkinari kantak eskainiko dizkiote. Herriko plazan dantzari txikiek dantzatuko dute eta ondoren kalejirari ekingo zaio berriro. Goienkalden aurreskua dantzatuko diote Olentzerori eta segidan eliz atariko bidea hartuko dute urdiaindarrek. Portikoan haurrak ilaran jarriko dira, poz-pozik, ikazkinaren eskutik opariak jasoko baitituzte. Bitartean ardo egosia eta pikuak dastatzeko aukera izanen dute eliz ataria beteko duten urdiaindarrek, eta txikienei kakahueteak banatuko zaizkie. AltsasuOlentzerori harrera egiteko modua berriro ere aldatu egin da aurten Altsasun. Gaur 11:30ean Foru plazan dago hitzordua jarrita. Mari Domingi agertuko da orduan, txistulari, fanfarre eta abesbatzaz lagunduta. Bera izanen da ikazkinarendako gutunak jasotzeaz arduratuko dena. Haiek zakuan sartu eta asto gainean eramanen ditu. Izan ere, Foru eta Zumalakarregi plazak lotuko baitituzte. Bidean, gainera, ardoa banatuko dute. Mari Domingi 17:00etan berriro plazan agertuko da eta trikitilariak lagun Dantzalekurantz abiatuko dira Olentzeroren bila. Ordu erdi geroago ikazkina Usolarrain aldean agertzea espero dute. Txalaparta doinuez harrera eginen diote eta suziriez lagunduta herrirako bidea erakutsiko diote ikazkinari. 18:00etan, herri sarreran, Txitxarrroren etxe parean, harrera berria eginen diote altsasuarrek. Dantzariek haien saioa eskainiko diote. Adar doinu batek ordez aurrera egiteko deia zabalduko du. Olentzero asto gainean joanen da eta bitartean bere laguntzaileek bidean ardo egosia eta gaztainak banatuko dituzte. Hurrengo geldialdia Botika zaharra izanen da, 18:30 aldera. Han gelditu eta Olentzerori kantatu eginen diote bildutakoek. Doinuen oihartzuna atzean utzita Zumalakarregi plazarantz abiatuko da segizioa. Han txondorra egonen da eta Olentzerok bere ogibideari buruzko azalpenak emanen dizkie hurbiltzen zaizkionei. Horren ondoren elkarteek eskainitako merienda izanen da. Hura banatzen ere ariko da Olentzero.Zabalgunea utzi eta Iortia kultur guneko plazara hurbilduko da segizioa. Han mihura eta hari buruzko informazio orriak banatuko dituzte. Azalpenak ere emanen ditu ikazkinak. Azkenik, 19:45 aldera, Foru plazan prestatu dioten etxolara iritsiko da Olentzero. Astoa lotu eta han eseriko da txikienekin egoteko prest. Bere istorioa ere kontatuko die. Dantzak, Hator,Hator eta Agur Jaunak abestiekin agurtuko dituzte altsasuarrek ikazkina. Dagoeneko liburutegiko kristaldegian marrazki bilduma bat ikusgai dago eta han txikienek Olentzero nola marraztu duten ikusteko aukera dago. Ikastetxeetan eta Koldo Arnanzen akademian egindako marrazkiak dira horiek. Haietako hirurekin, gainera, kartela egin dute: Fernando Perez Paniaguarena, Aritzena eta Uxue Gartziandia Irisarrirena. OlaztiIgandean Laminatutur Olaztiko Maisuenea gaztetxera hurbildu zen, haurrek Olentzerori idatzitako gutunak jasotzera, eta ondoren txokolatada izan zen. Gaur, Gabon bezperan, 17:00etan merendola antolatu dute Maisuenea gaztetxean, eta ondoren Olentzerori ongi-etorria ematera joango dira denak. Iluntzean, arratsaldeko 18:00ak aldera iritsiko da Olentzero Belengo iturritik, Ziordia aldetik. Olaztiko ikastolara heldu eta orduan abiatuko da kalejira. Txistulariekin batera, kantuan, herriko karrikak zeharkatuko ditu ikazkin maiteak, eta bidean gozoki ugari banatuko dizkie haurrei. Herriari buelta eman eta gero, pilotalekuan bukatuko da ibilbidea. Bertan gaztaina erreak eta ardo egosia banatuko dituzte olaztiar guztiendako.ZiordiaGoiz-goizetik ziordiar txiki eta gazteak kalez kale eta etxez-etxe kantuan ariko dira. Olentzero Altzania menditik jaitsiko da Ziordira, 19:00etan. Musikarekin harrera eginen diote ikazkin tripandiari eta hala eginen dute Ziordian barnako ibilbidea Olentzerok eta ziordiarrek. Ibilbidea Gatzetxean despedituko da. Txikienak Olentzerorekin egoteko aukera izanen dute. Bere egitekoa despeditu eta gero ikazkina agurtu eta ziordiarrek berenduaz gozatzeko aukera izanen dute. Ziordia bizirik plataformak eta GazteAsanbaldak antolatu dute ikazkinaren etorrera.